Hilabete inguru falta da Soraluzeko Santa Ana jaietarako, uztailaren 24tik 27ra izango baitira, eta Soraluzeko Udalak zein herriko eragileek burubelarri dihardute jaiak prestatzeko lanetan.
Uztailean, jaietako programazioa etxez etxe banatuko da, urteroko moduan. Aurten, baina, bideo bidezko proposamen berritzaile baten bidez ere jasoko dute herritarrek programazioaren berri.
Dena den, uztaila heldu bitartean, udalak jaietako programazioaren zertzelada batzuk aurreratu nahi dizkie soraluzetarrei.
Partehartzea protagonista jaietan
Aurtengo programazioaren berezitasun nagusia da hura osatzeko herritarrekin egindako parte-hartze prozesuetan oinarritzen dela, hain zuzen ere: helduekin egindako balorazio eta lanketa saioak, zein galdetegia eta haur eta nerabeen kontseiluak. Era berean, genero ikuspegia kontuan hartu da, kanpotik kontratatutakoaren eta herritik sortuaren arteko oreka bilatu da eta jaiak ere euskararen arnasgune izan daitezen ahalegin berezia egin da.
Hainbat ekintza eta eragilek bermatuko dute, beraz, herritarren parte-hartzea aurtengo Santa Ana jaietan. Besteak beste, tanborrada berreskuratu izanak, indar handiz, gainera; Santiago egunez egingo den herri bazkariak; Galtzagorrien txarangak eta guneak; aurten batukadak lagunduta egingo den munduko arrozen egunak; eskualdeko gazta dastaketak eta herriko hainbat musikarik: Kantu jirak, txistulari eta gaiteroek eta Larrain Dantza herrikoiak.
Haur eta nerabeen kontseiluen emaitza
Ikasturtean zehar haur eta nerabeen kontseiluetan landutako proposamenek ere tokia izango dute aurtengo jaien programazioan.
Haurrei dagokienez, eta haien eskakizunak kontuan hartuta, Txantreako erraldoi eta kilikiak etorriko dira eta buruhandi tailerrean parte hartu ahal izango dute, haien buruhandia egin eta txistulari eta gaiteroekin kalejiran aritzeko. Horretaz gain, puzgarri parke handi batez eta Gora bihotzak musika eta dantza ikuskizunaz gozatu ahal izango dute. Gainera, aurreko urteetako arrakasta ikusita, aurten ere krosa izango da eta parte-hartzaileen adina nerabeetara hedatu da, haiek ere parte har dezaten.
Nerabeek kontseiluetan emandako iritziak ere aintzat hartu dira; hala, gaztetxoentzako tortilla lehiaketa, gaztetxoen arteko herri kirol txapelketa eta zezensuzkoa izango dituzte jaietaz gozatzeko. Gainera, PuzzleKaxako kideen eskutik logika eta trebetasun jolasak eta buru hausgarriak ere ebatzi ahal izango dituzte.
Musika, kirola eta beste
Musika izaten da jaietako protagonistetako bat, eta aurten ere punta-punta taldeen emankizunez gozatu ahal izango dugu Plaza Zaharreko oholtza gainean. Besteak beste, Los Zopilotes Txirriaos eta Goxua'n Salsa talde nafarrak, Tapia eta Leturia Band erromeria bikotea banda formatuan, Nerea Mendia soraluzetarra kide duen Maracumbé talde kementsua eta haur eta nerabe ugarik eskatuta, Oihan Vega DJ ezaguna izango ditugu.
Festa giroan ere kirolak badu lekurik, eta horren lekuko dira urte luzez antolatzen den futbito txapelketa, jaietako motorrak berotzeko zunba saioa eta emakumeen kategoriako onenen arteko pilotxa txapelketa zein herriko klubeko kideen arteko goi mailako pilota txapelketa.
Klasikoak ere ez dira faltako, inola ere: salda eta txorizoa elkarteen eskutik, bakalao lehiaketa eta zezenak.