"Irakurketa erronka"ren lehen edizioa arrakastatsua izan da

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala

Udal liburutegiak Plaentxi Eskolarekin elkarlanean antolatutako "Irakurketa erronka"ren lehen edizioa arrakastatsua izan da.

Irakurketa erronka gaztetxoenei zuzendutako ekimena izan da, Plaentxi Eskolako irakurketa-proiektuari babesa emanez, eta ikasleak irakurketan trebatzea, ulermena eta adierazpena hobetzea eta irakurzaletasuna zein literatur-zaletasuna sustatzea izan ditu xede.

Otsailetik ekainera bitarte hiru gairekin lotutako hainbat irakurgai proposatu zaizkie 6-12 bitarteko haurrei; abentura, familia eta oporrak izan dira aukeratutako gaiak. Gai bakoitzarekin lotutako liburu bana irakurtzean, zigilua jaso dute liburutegian; hiru irakurgaiak osatzean erronka bukatutzat ematen da. Joan den barixakua izan zen hirugarren eta azken irakurgaia bukatzeko azken eguna, eta gaurtik, astelehena, aurrera liburutegitik pasa daitezke parte-hartzaileak haien sarien bila.

Lehen edizio arrakastatsua

Lehen Hezkuntzako neska-mutilei zuzendutako ekimenean 108 umek hartu du parte, eta horietatik 71k amaitu du erronka; arrakasta handia, beraz. Gainera, liburutegia ezagutzen ez zuen zenbait gaztetxok joateko ohitura hartu du, eta hori, erronka amaitu ostean ere, irakurzaletasunari eusteko bermea da.

Udal liburutegiak parte-hartzaile guztiak zoriondu nahi ditu eta Irakurketa erronka amaitu arren, gaztetxoenak udako oporraldian ere irakurtzera animatu.

Udal liburutegiak ohiko ordutegia izango du beste bi astez, ekainaren 21a arte; ondoren, ekainaren 24tik uztailaren 24ra uda-sasoiko ordutegia izatera igaroko da.

Ohiko ordutegia:

Astelehenetik eguenera: 11:00 - 13:00 eta 16:30 - 19:30

Barixakuak: 11:00 - 13:00 eta 16:00 - 19:00

Uda-sasoiko ordutegia:

Astelehenetik barixakura: 10:00 - 13:00

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.