Egoitzako eta eguneko zentroko Irakurketa Errazeko taldearen ikasturteko azken saioa, gaur

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2024ko eka. 7a, 10:38

Gaur elkartuko dira liburutegian egoitzako eta eguneko zentroko Irakurketa Errazeko taldekideak ikasturteko azken saioa egiteko.

Muga fisiko, psikiko nahiz sozialengatik irakurketaz gozatzeko aukerarik ez dutenentzat ezinbestekoa da Irakurketa Erraza. Izan ere, ardura bereziarekin landutako liburuak dira, irakurtzeko ohitura galdu dutenek, irakurtzeko zailtasunak dituztenek edo irakurtzen berandu ikasi dutenek irakurri eta ulertu ahal izateko bereziki prestatuak.

Martxoaz geroztik Soraluzeko udal liburutegiak, Mesedeetako Ama egoitzak eta eguneko zentroak elkarlanean dihardute Irakurketa Errazeko taldeen bueltan.

Egoitzako eta eguneko zentroko taldeak

Martxoan egin zuten lehen saioa udal liburutegian eguneko zentroko zortzi irakurlek eta apirilean elkartu ziren egoitzako hamabi kide irakurketa errazelp taldearen aurkezpena egin eta lehen kapituluak irakurtzeko. Horretaz gain, udal liburutegia ezagutzeko ere hartu zuten beta.

Emilia Pardo Bazán idazle galiziarraren Los pazos de Ulloa nobela irakurtzen jardun dute harrezkero, barixakuro. Gaur, ekainak 7 azken saioa egiteko elkartuko dira berriz ere talde biak liburutegian; azken kapituluak irakurri eta liburuari buruzko tertulia egingo dute 11:00tatik aurrera.

Datorren ikasturtean elkartuko dira berriz ere beste irakurketa baten bueltan egoitzako zein eguneko zentroko kideak.