Maiatzak 17, LGTBI+fobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna: adierazpen instituzionala
1990eko maiatzaren 17an, Osasunaren Mundu Erakundeak (OMS) homosexualitatea ezabatu zuen gaixotasun mentalen zerrendatik. Gertakari historikoa izan zen, eta aurrerapauso itzela sexu orientazio eta nortasun jakin batzuk gizartearen berezko aniztasunaren bereizgarri gisa aitor zitzan gizarteak berak. Azken hamarkadan, maiatzaren 17a LGTBI+ pertsonen (lesbiana, gay, bisexual, transexual eta intersexualen) aurkako gorroto eta indarkeria mota ororen aurkako eguna bihurtu da.
Ordutik, asko egin du aurrera legeak, sexu orientazioa eta/edo generoa edozein dutela ere pertsona guztiek eskubide berdinak izateko. Gizarteak ere aurrera egin du bide horretan; oro har, gizarteko kideen sexualtasun motak eta generoa bizitzeko askotariko erak modu irekian adierazi ahal izateko espazio sozialak gero eta gehiago dira.
Hala ere, LGTBI+ kolektiboko pertsona askok jasaten ditu oraindik bazterkeria, estigmatizazioa eta indarkeria. Gizarteak bide luzea dauka berdintasun egiazkoa eta eraginkorra lortuko badu. Zoritxarrez, aurreiritziak, estereotipoak, bazterketa eta gorrotoa oraindik ere gizarteko sektore askotan sakon errotuta daude.
LGTBI+ kolektiboko pertsona askok (nagusiki lesbianek, transexualek, adinekoek edo desgaitasuna duten pertsonek) ezinikusia jasaten dute eta, gainera, horien aurkako eraso fisikoek gora egin dute gure herrietako kaleetan. Horrelakoek agerian uzten dute nork bere sexualtasunaren nahiz generoaren arabera bizitzeko askatasun egiazkorik ez dagoela, eta berdintasuna zein diskriminaziorik eza falta direla.
Hain zuzen ere, gure herrian aurtengo otsailaren 17an, Señora Bertso Eguna ospatu zen eta larunbat gau hartan eraso homofobo bat egin zuen gizon talde batek. Bi pertsonak irain eta mespretxu LGTBI+foboak jasan zituzten kalean. Soraluzeko Udala osatzen dugun talde politiko guztiok gure gaitzespen irmoena adierazi nahi dugu berriro ere eraso horien aurrean eta beste behin ere aldarrikatu nahi dugu gure herrian ez dugula inondik inora LGBTI komunitatearen aurkako jarrerarik eta are gutxiago erasorik onartuko.
Gogoratu nahi dugu LGTBI+fobiaren aurka borroka egitea askatasuna, duintasuna eta giza eskubideak defendatzea dela. LGTBI+ kolektiboko kideek jasaten duten bazterkeriaren eta indarkeriaren aurka egitea gizartearen garapena bultzatzea da; errespetu zein berdintasun handiagoko gizarte bidezkoa lortzeko bidean urratsak ematea.
Era horretan, Soraluzeko Udalak, lanean jarraituko du gizarte inklusiboagoa eraikitzeko eta berdintasun erreala lortzeko, eta pertsona orok diskriminazio eta indarkeria gabeko bizitza bizitzeko eskubidea defendatzen eta sexu edota genero orientazio eta identitate guztientzako herri aske eta segurua sortzen.
Elkarretaratzerako deia bihar, barixakua
Azkenik, Soraluzeko Udalak herritarrei dei egiten die LGTBI+fobiaren aurkako elkarretartzean parte hartzeko, barixakuan, maiatzaren 17an, arratsaldeko 19:00ean, Plaza Berrian.
Maiatzaren 17an eta egunero, LGTBI+fobiaren aurka irmo!