Donibane Lohizuneko hilketa matxistaren gaitzespen irmoa eta gaur arratsalderako elkarretaratzerako deia

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2024ko mai. 6a, 10:11

Soraluzeko Udalak gogor salatzen eta gaitzesten du ostiralean, maiatzaren 3an Donibane Lohizunen emakume bat erail izana eta emakumeen aurkako erasoak giza eskubideen urraketa larri eta onartezinak direla aldarrikatzen du.

Gizonezko batek bere bikotekidea hil du ostiralean Donibane Lohizunen, aurtengo lehen erailketa matxista Euskal Herrian. 2003tik hona 121 emakume eta 11 adingabe hil ditu indarkeria matxistak Euskal Herrian eta horrek adierazten du ez dela ekintza isolatu bat, arazo estruktural bat baizik. Eta beraz, Soraluzeko Udalak bere gaitzespenik gogorrena erakusten du Donibane Lohizuneko emakumearen hilketaren aurrean.

Soraluzeko Udalak gogorarazi nahi du heriotzek emakumeen aurkako indarkeriaren arazoaren zati bat baino erakusten ez dutela eta horren jatorria emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean dagoela.

Emakumeek hainbat modutan jasaten duten indarkeria (psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa, sexuala), emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunen adierazpenik larriena da, emakumeen botere-harremanen eta mendetasunaren ondorio, eta haien duintasunaren eta osotasun fisiko eta moralaren aurkako eraso larria da. Horrenbestez, giza eskubideen urraketa larria eta onartezina.

Tragedia honek berriz ere erakundeok eta euskal gizarte osoak gure udalerrietan berdintasuna gauzatzeko dugun erantzukizunaren aurrean jartzen gaitu. Ildo horretan, gure sentsibilizazio- eta prebentzio-ekintzak indartzen jarraitu behar dugu etorkizuna diren gure herritar gazteenekin.

Hori ez da emakumeen arazoa bakarrik, gizarte osoaren arazoa baizik. Denok nahi dugun berdintasun hori lortzeko borrokan elkarrekin egon behar dugu.

Horrenbestez, Soraluzeko Udalak biktimaren senide eta lagunekiko elkartasuna azaldu nahi du, eta irmotasunez adierazten du lanean jarraituko duela berari dagokion eremuetan emakumeen aurkako indarkeriarekin bukatzeko erantzukizunarekin.

Era berean, herritarrei dei egiten die GAUR, astelehena, 19:00etan Plaza Berrian egingo den elkarretaratzean parte hartzera.