Hamabost bat familia elkartu ziren martitzenean Tolarekua aretoan Katamarran, haur eta familien espazio hezitzailearen aurkezpen bileran. Haurrentzako gunea diseinatzen aritu diren guraso-talde eragileak egin zuen aurkezpena, eta bertan espazio berriaren argazkiak eta funtzionamendua azaldu zituzten, besteak beste.
Taldekideek azaldu zuten adin-tarte horretako haurren aisialdirako hutsune batetik abiatu dela prozesua eta beste herri batzuetako haur-txokoetako esperientziak izan direla inspirazio iturri. Ondoren, Katamarran ume-txokoaren zehaztasunak azpimarratu zituzten:
- Bazkidetza: 0-4 urte bitarteko haur bat duen Soraluzeko familia oro bazkidetu daiteke, 10 euroko urteko kuota ordainduta.
- Ordutegia: urteko 365 egunetan egongo da zabalik, astegunetan 9:00 - 13:00 eta 16:00 - 20:00; asteburu eta jai-egunetan 9:00 - 20:00.
- Aforoa: 25 pertsonarentzako espazioa dauka, haurrek eta helduak kontuan hartuta.
- Giltzak: bazkidetzean giltza sorta bat jasoko dute familiek, 3 euroko fidantza-kostua izango duena.
- Garbitasuna eta mantenua: udaleko garbitzaileek astelehenetik barixakura garbituko dute, baina bazkideen ardura da gauzak txukun mantentzea.
- Hizkuntza: gune eleanitza izango da, euskara sustatu nahi duena; elebitasun erreala indartuz.
Xehetasun gehiago behar izanez gero kontsultatu aurkezpenean emandako azalpenak eta funtzionamendu arauak.
Izen-ematea ireki da jada
Talde eragileko kideek azaldu bezala, bazkidetzea ezinbestekoa izango da Katamarran ume-txokoa erabili ahal izateko; horretarako hainbat bide daude:
- Aurrez aurre, udaletxeko harrera bulegoan, astelehenetik barixakura 9:00etatik 14:00tara.
- Online, galdetegia betez: izen-ematea.
- Aurrez aurre, barixakuko ate irekien saioan.
Bazkidetzeko urteko 10 euroko kuota sinbolikoa ordaindu beharko da. Dirua oztopo izan ez dadin, ahalegin berezia egingo da familia bakoitzari egokitutako ordainketa aukerak eskaintzeko. Bazkidetza-kuota ordaintzeaz gain 3 euroko fidantza ordaindu beharko da giltza-sortaren truke, behin bazkide izateari utzitakoan eta giltza itzultzean, bueltan jasoko dena, hain zuzen ere.
Espazioa aurrez aurre ezagutzeko parada, bihar
Barixakuan, apirilak 19, eskainiko da Katamarran ume-txokoan ate irekien saioa, arratsaldeko 16:00etatik 20:00ak bitarte. Familiek gune hezitzailea ezagutu ahal izango dute, aurrerantzean erabiltzen jarraitzeko izena eman eta giltzak eskuratu.
0-4 urte bitarteko haurrak dituzten familia guztiei irekia dago Katamarran ume-txokoa eta talde eragileak guztiak animatu nahi ditu herrian sortu den estalpeko gune goxo eta hezitzailea erabiltzera.