Katamarran ume-txokoa soraluzetar txikienen beharrizanei erantzungo dien gune estali eta goxo bat izango da: haurren jolaserako espazioa eta guraso, senide eta hezitzaileentzako formakuntza eta tailerrak antolatzeko eremua, besteak beste. Otsailaren 5ean familiekin egindako bilera irekiaz geroztik, guraso-talde eragile batek udalarekin eskuz esku jardun du, espazioa diseinatzen eta prestatzen.
Bi hilabete pasatxoko lanketaren ostean, ume-txokoa prest dago eta datorren astean emango dira irekieraren aurreko azken bi urratsak: bilera informatiboa eta ate irekiak. Behin betiko irekieraren aurretik, espazioa ezagutarazi eta funtzionamendu arauak partekatuko dira familiekin, bai eta ate irekien saio bat eskaini ere, erabiltzaileek bertatik bertara ezagut dezaten eremu berria.
Bilera informatiboa eta ate irekiak
Datorren martitzenean, hilak 16, arratsaldeko 18:00ean egingo da bilera informatiboa Tolarekua aretoan (kiroldegiko azken solairuan). 2020 eta 2024 urte bitartean jaiotako haurren familiak daude deituta bilerara, eta hala, gonbidapen-gutuna bidali zaie guztiei etxera.
Behar duenarentzat, zaintza zerbitzua eta aldibereko itzulpen zerbitzua egongo dira; izen-emate galdetegian adierazi beharko da bi zerbitzu horietakoren bat behar izanez gero. Galdetegiaz gain, 943753043 telefonora deituta zein harrera@soraluze.eus helbidera idatziz ere eman daiteke izena bilerarako.
Gunea aurrez aurre ezagutzeko ate irekien saioa, ostera, hurrengo asteko barixakuan izango da, hilaren 19an, arratsaldeko 16:00etatik 20:00etara bitarte, Katamarran ume-txokoan bertan, Etxaburueta kaleko 3. zenbakian.
Nolakoa izango da Katamarran
Etxaburueta kaleko 3. zenbakian kokatutako haurren jolaserako espazio hezitzailea izango da Katamarran, heldu batek lagunduta, umeek jaiotzen direnetik 4 urte betetzen dituzten urte amairerara arte erabili ahal izango dutena. Adin tarte horretan lau hankan edo katamarrean ibiltzeak haurren garapen prozesuan duen garrantziari begi-keinua egin nahi izan zaio izenarekin.
Espazioa bera zein proposamen hezitzailea guraso talde batekin batera landu du udalak, eta aurrerantzean ere kudeaketa familiekin elkarlanean egingo da. Urteko egun guztietan egongo da zabalik eta erabili ahal izateko izena eman beharko da aurretik.
Informazio gehiago behar izanez gero, ondorengo helbide elektronikora idatz daiteke: katamarranumetxokoa@gmail.com.