Jakina denez, Soraluzeko Udaleko Berdintasun Batzordeak topaketarako, ikaskuntzarako, hausnarketarako eta prestakuntzarako gune baten sorrera bultzatu du, ikastaro eta tailerren bidez emakumeen* ahalduntzea sustatzeko helburuarekin. Eskolak sareak eraikitzeko eta gure errealitatea ikuspegi feministatik aztertzeko eta zalantzan jartzeko beharrezko tresnak eskaintzeko espazioa izan nahi du, dagozkion aldaketak eraginez, gizarte justuago, anitzago eta inklusiboagoa lortzeko.
Proiektuaren lanketa modu parte-hartzailean egin da, hiru fasetan: bilerak egin ziren tokiko hainbat talderekin, galdetegi bat zabaldu zen sare sozialen bidez herritar orok bete zezan eta hainbat bilera ireki egin ziren udalarekin batera. Prozesu horretan, Soraluzeko ahalduntze eskolaren eraikuntzan lan egingo zuen talde motor bat sortzeko beharra atzeman zen. Soraluzeko hainbat emakumek eta Udaleko Berdintasun Batzordeak osatzen dute talde eragilea eta beraiek arduratu dira ahalduntze eskolaren apiriletik ekainera bitarteko egitaraua prestatzeaz.
Eskerrak prozesuan parte hartu dutenei zein talde eragileari
Soraluzeko Udalak eta, bere izenean, Ainara Osoro Berdintasun batzordeburuak, eskerrak eman nahi dizkie ahalduntze eskola sortzeko prozesuan parte hartu duten Soraluzeko emakumeei* eta bereziki talde eragileko kideei; izan ere, haien inplikaziorik gabe errealitate hau ez baitzen posible izango.
Talde eragilea espazio irekia da, eta, beraz, Udalak Soraluzeko emakumeak* animatu nahi ditu bertan parte hartzera.
Aurkezpen ekitaldia eguenean
Eguenean, apirilak 11, egingo da Soraluzeko emakumeon* ahalduntze eskolaren aurkezpen ekitaldia. Bertan azalduko da herritarren aurrean zer den ahalduntze eskola, zertarako sortu den eta nortzuei zuzenduta dagoen. Talde eragileak prestatu duen programazioa ere aurkeztuko da, bertako ekintzetan parte hartzeko izen-ematea ireki eta nola egin behar den ere azalduko da. Guztia jan-edanaz eta "alarma Morea" talde feministaren musikaz girotuta.
Udaleko Berdintasun Batzordeak herriko emakume* nahiz feminista guztiak gonbidatu nahi ditu egueneko hitzordura.