Korrikaren 23. edizioak bihar emango ditu lehen urratsak Irunen, eta ez du etenik izango 11 egun eta 10 gauez Euskal Herria zeharkatu eta martxoaren 24an Baionara iritsi arte. Aurtengo omendua Azterketak Esukaraz kolektiboa izango da, Baxoa eta Brebeta euskaraz egiteko borrokan aritu baitira.
Zer da Korrika
Korrika Euskal Herri osoan zehar egiten den euskararen aldeko ekimen erraldoia da, AEK erakundeak bi urtean behin antolatzen duena. Euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea ditu helburu.
Edizioro aldatzen da ibilbidea, eta hasi eta amaitu arte, lekukoa pasatzen diote korrikalariek elkarri; eskutik eskura, herriz herri aldatzen joaten da, baina martxa ez da inoiz geratzen, ez gauez ezta egoera klimatologiko txarrengatik ere. Lekuko horren barruan, euskaldun ezagun batek Korrika helmugara iristean eta irakurriko duen mezua gordetzen da, ordura arte sekretupean gordetzen dena.
Korrika Kulturala
Soraluzetik martxoaren 20an igaroko da Korrika, goizeko 11ak inguruan; Eibartik etorriko da eta Elgoibarrera jarraituko du. Guztira hogei erakunde eta elkartetik gorak hartuko dute parte Korrikan, lekukoa eskuz esku emanez, tartean Soraluzeko Udalak, zeinaren izenean Ainara Osoro eta Verónica Galarraga zinegotziek eramango baitute lekukoa.
Martxoaren 14an, Korrika Irundik abiatzen den egunean, ekitaldia egingo da Plaza Zaharrean, arratsaldeko 6etan. AEK-ko ikasleek mezua irakurriko dute eta, jarraian, petoak banatuko zaizkie kilometroa erosi duten erakunde eta elkarte guztiei.
Korrikak iraungo duen egunetarako Korrika Kulturaren egitarauaren baitan ekintza-sorta zabala antolatu dute Udalak eta herriko eragileek, elkarlanean. Horretaz gain, Korrikaren amaierara joateko autobusa antolatu du Eibar aldeko Korrika batzordeak.