Udaleko Kultura Batzordeak herrian antolatzen diren kultur ekimenen inguruko diagnostikoa egitea helburu hartuta hausnarketa prozesua jarriko du abian. Aurrerantzean, kultur eskaintza inklusiboagoa, anitzagoa eta orekatuagoa izatea du jomuga.
Hainbat irizpide aztergai
Hausnarketa prozesuan zehar hainbat aztergai zein neurritan betetzen diren aztertuko dute parte-hartzaileek: herrian antolatzen diren kultur ekimenetan kultur diziplinen arteko oreka bermatzen ote den, eta era berean, programatutakoa urtean zehar modu orekatuan banatzen ote den; noren ekimenez sortzen ote diren ekimenak (instituzioen ekimenez, herritarren ekimenez...), zein hartzaile motarentzako eta non antolatzen ote diren (herri antzokian, erakusketa-gelan, kiroldegian, herrigunean...); kultur programatzaileen arteko elkarlana eta saretzea gertatzen ote den; eta genero ikuspegia errespetatzen ote den programatutakoan.
Kultur eragile eta kulturzaleekin hitzordua
Hitzordua otsailaren 21ean, gaur, izango da Elkartegian, arratsaldeko 18:30ean. Udaleko Kultura Batzordeak herriko kultur eragile, kulturzale zein gaian interesa duten herritarrak animatu nahi ditu hausnarketa prozesuan parte hartzera.