Maitasun erromantikoari buruzko hitzaldiarekin abiatuko da Soraluzeko jabekuntza-eskola

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2024ko urt. 31a, 14:30

"Maitasun erromantikoa desmuntatzen telesaio eta komikien bitartez" izenburuko hitzaldia antolatu du herriko jabekuntza-eskolak; otsailaren 5a arte eman daiteke izena.

Maitasun erromantikoari buruzko tailer batekin emango zaio hasiera jabekuntza eskolaren jardunari.

Jakina denez, Soraluzeko Udaleko Berdintasun  Batzordea herritarrak elkartzeko, ikasteko, hausnartzeko eta prestatzeko gune bat sortzen ari da, Soraluzeko emakumeen inplikazio eta parte hartzearekin eta ikastaro eta tailerren bidez emakumeen* ahalduntzea bultzatzeko helburuarekin.

Jabekuntza eskola honi forma emateko hainbat bilera egin dira eta, bilera horietan erabakitakoaren ondorioz, otsailetik ekainera bitartean hainbat tailer, hitzaldi eta topaketa antolatuko dira.

Hori horrela, jabekuntza eskolari maitasun erromantikoari buruzko hitzaldi batekin emango zaio hasiera: “Maitasun erromantikoa desmuntatzen telesaio eta komikien bitartez”.

Hitzaldia Soraluzeko emakume* orori zuzendua dago eta Soraluzeko emakumeen artean, gai honen inguruan, belaunaldien arteko espazio bat sortzea du helburu.

Hizlaria Josune Muñoz izango da, Euskal filologoa, genero-ikasketan zein ikerketetan aditua eta SKOLASTIKA literatur zerbitzuaren sortzailea.

Hitzaldia otsailaren 6an (asteartean), 18.00etan egingo da, doan, Kalebarren 8ko lokalean.

Hitzaldia euskaraz izango da, baina norbaitek beharko balu, aldi bereko itzulpena bermatuko da.

Izena emateko (otsailaren 5a arte) eta zaintza zerbitzua eskatzeko bideak ondorengoak dira:

. Formularioa bete: https://forms.gle/JZRRxVDugbgEFtR8A

. 943753043 edo udala@soraluze.eus

Berdintasun eta Aniztasun Batzordeak Soraluzeko emakumeak animatu nahi ditu aipatutako hitzaldian parte har dezaten.