Duela hamasei urtetik hona urtero egiten duen moduan, aurtengoan ere San Blas opilen lehiaketa antolatu du Udaleko Kultura Batzordeak, herriko opilik onenak saritzeko eta San Blas egunean opilak egiteko ohitura galdu ez dadin.
Lehiaketa eguerdiko 12:00etan egingo da, Plaza Berrian.
Lehiaketan edozein pertsonak hartu ahal izango du parte, 16 urtez azpikoek heldu baten laguntzaz aurkeztu beharko direlarik.
Izen-ematea udaletxeko Harrera Bulegoan egin behar da, otsaiilaren 2a arte, edota egunean bertan, lehiaketa hasi baino 15' lehenagora arte.
Hiru sari banatuko dira:
- 1. saria: 50 euro.
- 2. saria: 30 euro.
- 3. saria: 20 euro.
San Blas jaia
Otsailaren 3an ospatzen den jai tradizional eta erlijiosoa da, Euskal Herrian, Espainian eta Hego Amerikako zenbait herrialdetan zabaldurik dagoena.
San Blas III. mendeko kristau martiri bat izan zen, gotzai eta medikua. Haur baten eztarriko gaitza mirariz sendatu omen zuela eta, eztarrien zaindaritzat hartzen da kristau tradizioan.
Hainbat tokitan ohikoak dira San Blaseko kordoiak, santuaren irudiaren aurrean bedeinkatu eta lepoan 9 egunez janzten direnak (otsailaren 3a barne), eta gero kendu eta erre egiten direnak, urte osoa eztarriko gaitzak, eztulak, katarroak eta eztarriko edozein infekzio prebenitu egiten dituztelakoan.
Eibar, Elgoibar eta Soraluzen, aldiz, arraultz, irin, azukre, koipe eta legamiz egindako San Blas opil zoragarriak prestatzea eta jatea da ohitura. Tradizioak agintzen duenez, eztarriko mina kenduko badu, beharrezkoa da jan aurretik opila bedeinkatzea.