"Mugikorrak noiz eta nola?" izenburuko hitzaldia, Miren Ros-en eskutik.

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2024ko urt. 11a, 16:22

Pantailen gehiegizko erabilerarekin edo haien erabilera okerrarekin arduratuta, "Jaso Burua" ekimena sortu da herrian; Miren Ros adituaren hitzaldia antolatu dute urtarrilaren 17rako.

Herritarrek oro har, baina haur eta nerabeek batez ere, pantaila eta mugikorrez egiten duten gehiegizko erabilera kezka handia ari da eragiten gizartean. Ondorioz, geroz eta gehiago dira, arazoari konponbideren bat eman nahian, han eta hemen sortu diren guraso taldeak.

Soraluze ez da salbuespena eta hemen ere, beste herri askotan moduan, hasiak dira gaiari buruzko hausnarketa eta eztabaidak.

Guraso batek hasitako lanari jarraipena emateko helburuarekin, "Jaso Burua" ekimena abiatuko dute hainbat gurasok, herriko guraso elkarteek eta udalak. Ekimena, eragileek adierazi dutenez, zabalik dago gaiaren inguruko interesa izan dezakeen edozeinentzat.

Miren Ros-en hitzaldia

Horrelakoetan lehendabizi egin beharrekoa sentsibilizazioa eta kontzientziazioa denez, gaian bidelagun eta aditua den Miren Rosek hitzaldia emango du datorren asteazkenean, urtarrilak 17, herriko antzokian.

Hitzaldia bera erabiliko da "Jaso Burua" ekimenari hasiera emateko eta prozesua gidatuko duen taldea edo batzordea osatzeko.

Hitzaldia “Mugikorrak noiz eta nola?” izenburupean badator ere, antolatzaileek adierazi dutenez "Gai zabala da; adinaren arabera, kezka desberdinak daude; mugikorren erabilera goiztiarra da kezka bat, beste bat da pantailen gehiegizko erabilera, sare sozialak, ciberbullying-a…". Esan dute talde eragilea sortzearen helburua dela sentsibilizazioa eta kontzientziazioa lantzea eta, batez ere, erronka honen aurrean ardurak hartzea. Eta bide hori familien, elkarteen, eskolen, herri eragileen eta Udalaren artean elkarrekin egitea.

HITZALDIA

Izenburua: "Mugikorrak noiz eta nola?"

Hizlaria: Miren Ros.

Eguna: Urtarrilak 17, asteazkena.

Ordua: 18:00 h.

Tokia: Herri Antzokia.

Hizkuntza: Euskara.

Aldibereko itzulpen-zerbitzua egongo da, euskaraz ulertzen ez dutenentzat.

Haurtzaindegi zerbitzua egongo da.

Hitzaldiaren antolaketa errazteko, beharrezkoa da aurrez izena ematea, honako formulario hau betez: https://forms.gle/SPkg2V4odD5WFzgH6

Hitzaldia familia eta herritar guztiei irekia dago eta bertan parte hartzera animatu nahi dira herritarrak.

Argazkia: plaentxia.eus