Euskararen Nazioarteko Eguna euskararen aldeko ospakizun eguna da, abenduaren 3an egiten dena, Frantzisko Xabierkoaren egunean; izan ere, Frantzisko 1552ko abenduaren 3an hil zen, euskara zuen berezko hizkuntza eta, kondairak dioenez, hil aurreko azken hitzak bere ama-hizkuntzan eman zituen, euskaraz.
1995ean Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak bat eginik, Euskararen Nazioarteko Eguna instituzionalizatu egin zuten.
Hauxe da aurtengo Euskaren Egunaren atarian Soraluzeko Udalak, herriko Euskararen Aholku Batzordea osatzen duten gainontzeko eragileekin batera publiko egin duen agiria:
Euskal hiztunon ahotsa, euskararen zabalbide
Gure alde, euskararen alde alegia, inork egin dezakeenaz galdetu ohi dugu sarri euskal hiztunok, bereziki Euskararen Nazioarteko Egunaren inguruko gogoetan. Ezin uka, jakina, egin beharreko galdera eta gogoeta dela, baina ez litzateke inola ere zilegi, are gutxiago baliagarria, ikuspegi horretara mugatzea euskararen aldeko jarduera.
Garrantzi betekoak izaten jarraitzen dute, ezinbestekoak, euskararen erabileraren aldeko ekimen kolektibo presentzialek, jendetsuek, kale girokoek; ezinbestekoak diren bezala euskalgintza eragileen, eskolen, familien eta udal ordezkarien lankidetzatik datozen ekimen eraginkor oro Soraluzeren euskalduntze bidean aurrera egiteko.
Baina digitalizazio aurreratuaren garai honetan, adimen artifiziala makulu ezezik kultur, komunikazio eta gizarte garapenaren bektore nagusi bilakatzen ari zaigunean, erronka berri bat iritsi da gure komunitatera.
Algoritmoak ausazkotasunarekin lotzen ditugu sarritan eta adimen artifiziala gure kontrol eremutik at dagoen esparru batekin. Baina teknologia aurreratu guzti honen muinean, gizakiak etengabe elikatutako tripak daude. Makinen autonomia gero eta handiagoa izanik ere, autonomia hori era batera edo bestera elikatu eta bideratu daiteke. Bada, elikatze horretan dugu euskaldunok etorkizun hurbilerako erronka, bai erakundeen aldetik baita norbanakoen aldetik ere.
Sortuko diren tresna, aplikazio, gailu… berriek gure hiztun komunitatearen eta gure euskararen muina behar dute erraietan. Horretarako, ahotsa, hizkera, hizkuntza ezagutza, aldaera, estiloa, berezitasuna, esakera edo idazkera etorkizuneko tresnen elikagai bilakatu behar ditugu.
Euskararen zabalkunderako aro digital berria hasi da, inplikazio pertsonalaren bidez eta komunitate gisa jarduteko unea iritsi da. Har dezagun geure esku bereziki adimen artifizialaren bidetik datozkigun lanabesak euskaraz funtzionatzeko bidean tinko jartzeko ardura, erakutsi diezaiogun euskaraz lan egiten geure eguneroko jardueran ezinbesteko lankide dugun tresneria digitalari.
Oparo bueltatuko digu-eta gure oraingo ahaleginaren mozkina, modu ezin praktikoagoan bueltatu ere: euskarazko datu-base sendo bat sortuta, euskarak zuzeneko sarbidea izango du sare teknologiko nagusien zirkuituetan, eta, horren eskutik, eguneroko eta helburu ugaritako aplikazioetan.
Ez da amets bat, hil edo biziko eginkizuna baizik euskararen garabideari begira eta, batez ere, digitalizazioaren unibertso ekidinezinean gure hizkuntzak atzerapausorik gabe aurrera egin ahal izan dezan.
Beste hainbat urrats egin ditu euskarak digitalizazioaren eremuan oraingo honen aurretik ere, esate baterako, itzultzaile neuronalaren, itzulpen automatikoaren, ahots sintesiaren eta transkripzioaren alorrean eman diren urratsak.
Hortxe beraz, bidea: erabil ditzagun gure alde, euskararen zabalkundearen alde, teknologia kolaboratiboak, izugarria izango dugu ahaleginaren ordaina, guztiz aldekoa eta, batez ere, atzeraezina.
Euskal hiztunon komunitateak zor dio bere buruari ahalduntzerako bide honetan urrats erabakigarriak egitea, digitalizazioak sortutako beharrak asetzea, kasu.
Eta ireki diezaiogun ahalegin honen atea, baita ere, euskarara hurbiltzen ari diren herritar guztiei, euskal herritarron komunitate eleaniztunak elkartasunez, harrotasunez eta kontzientzia betean bizi dezan euskararen aurrerabide digitala.
Eman diezaiogun ahotsa euskarari, mundua euskaraz izendatzen jarraitu ahal izan dezagun. Euskarari zor diogu. Geure buruari zor diogu.
Soraluzeko Euskararen Aholku Batzordeko kideok euskaraz bizitzera eta Euskararen Nazioarteko egunerako antolatuta dauden ekimenetan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu.
Abenduak 3, igandea
"Gaitu marathoia ahotsak batzeko".
Goizeko 11etatik 14etara
Kalebarren 8-ko lokalean.
Bazkaria euskara ikasleekin.
Arratsaldeko 14:30ean.
Izen-ematea: 943751304 (Pil-pilean)