Udalak deituta, hogei bat lagun elkartu ziren astelehenean Kalebarren 8-ko enplegu eta gizarteratze zentroaren beheko solairuan aurtengo jaien balantzea egin eta etorkizunekoez hausnartzen hasteko.
"Jai ereduaren eta herritarrentzako nahi ditugun jaiak nolakoak izango diren hausnartzeko abiatu asmo dugun prozesuaren lehen pausua izan zen astelehenekoa. Prozesua herritarrekin eta herriko eragileekin egin nahi dugu, herritar ororentzako jaiak antolatze aldera", adierazi zuen Kultura Batzordeko lehendakari den Maite Quintanilla Letek.
Udal ordezkarien agurraren ondotik, plaentxia.eus atariko lagunek aurtengo jaietako argazkiekin prestatutako proiekzioaz gozatu ahal izan zuten bilerara batu zirenek.
Jarraian, jaiek utzitako oroitzapen eta pertzepzioez galdetu zitzaien, jaietako ekintzak banan-banan baloratzeko eskatzearekin batera.
Jai politak izan zirela adierazi zuten bertaratuek, jende gehiegi ibili ez den arren; luzeegiak izan zirela ere aipatu zuten zenbaitek; ekintza txikiek, herrian bertan antolatutakoek, duten garrantzia nabarmendu zen eta faltan bota zen duela urte batzuk arte herritarrek eurek antolatzen zuten musika jaialdia. Antolatutako ekintzarik gehien-gehienek nota altua jaso zuten (Gaiteroak, bakailao lehiaketa, Gozategi taldearen kontzertua, bertso jaialdia, kantujira, txaranga...).
Balantze ekonomikoari dagokionean, 81.573 euro gastatu direla aipatu zen, 66.000 ekintzak antolatzen eta 15.000 azpiegitura kontuetan. Aipatutako gastua Kultura Batzordearen urte osorako aurrekontuaren %39 da, hain zuzen ere. Gasturik handienak Gozategi taldearen kontzertuak (10.600 euro) eta zezenek (8.546 euro) eragin zituzten.
Bileraren bigarren zati batean, hainbat gairi buruzko gogoetari ekin zitzaion, talde txikietan bilduta, gairik gai beren iritzia emanez aritu ziren parte hartzaileak:
- Jaiak publiko mota ezberdineri modu orekatan bideratzen diren aztertuz (belaunaldi ezberdinak, aniztasun kulturala kontutan hartuta…)
- Jaiak genero ikuspegitik izan duten hutsunea aztertuz eta aurrera begira egoera iraultzeko pausoak aurreikusiz.
- Jende gutxi ibili izanaren arrazoiak aztertuz eta norentzat antolatu nahi ditugun jaiak aztertuz.
- Jai herrikoiak diren hausnartuz eta oreka egokirik badagoen herritik sortzen diren ekimen eta kontratazioen artean.
Giro onean eta proposamen anitzez josita joan zen balorazioa.
Aurrera begirako prozesua atzo esandakoak kontutan hartuz diseinatuko du Udalak; modu parte hartzaile eta herritar batean jaien antolaketan sakontzeko asmoz.