Aste honetan abiatu da Soraluzen eta Elgoibarren “Emakumeak, talentuak eta aukerak” programa esperimentala, Zabaltzen-Sartu Kooperatiba Elkarteko kideen eskutik, bertako udalekin elkarlanean. Programa Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak laguntzen du diruz.
Azken urteetan Zabaltzen-Sartu Kooperatiba Elkarteak emakumeen ahalduntze programa ezberdinak jarri ditu abian herrian. Oraingo hau zaurgarritasun egoeran dauden emakumeei bideratua egongo da eta, beste helburu batzuez gain, enplegua lortzera zuzenduta dagoen formakuntza da eskainiko dutena.
Programaren helburu orokorrak honakoak dira.
- Genero kontzientzia batetik ahalduntze indibidual eta kolektiboa indartuz, autonomia ekonomikoa zein bizi-dinamismo positiboak bultzatzea.
- Emakume bakoitzaren baliabide pertsonal eta sozialak indartzea.
- Bertako komunitatean presentzia eta parte-hartzea areagotzea zein gertuko harreman markoa handitzea.
- Emakumeen presentzia eta partaidetza areagotzea euren prozesu soziolaboralen garapenean.
Aipatutako helburuak erdiesteko, batik bat, 3 lan-lerro landuko dituzte:
- Gaitasun pertsonalak garatzea.
- Gaitasun sozialen garapena.
- Gaitasun digitalen garapena.
Soraluzen 12 emakumeko taldea sortu da eta aste honetatik abendura bitartean egongo da martxan, Uxue Ruiz Romo, Zabaltzen-Sartu elkarteko langilea eta herrikidea izango delarik emakume taldearen bidelaguna.
Taldekideek Kalebarren 8-ko Enplegu Bulegoaren azpialdean jasoko dituzte taldeko nahiz banakako tutoretzak, aipatu bulegoarekin elkarlanean aritu baitira antolatzaileak proiektua antolatzen.
Hauxe da ordutegia:
- Taldeko saioak
Asteartea eta osteguna 9:30etatik 12:00etara bitartean
- Jarraipen indibidualak
Asteartea eta osteguna 8.00etatik 9.30era eta 12.00etatik 15.00etara.
Ostiraletan 8.00tatik 15.00etara.
Uxu Ruizek aipatu duen bezala “ parte hartzaileek emakumeen eta taldearen beharrak oinarri hartuta jardungo dute; momentuko beharretatik haratago, planifikatuz eta epe ertainera begirako ikuspegiarekin urratsak emanez. Emakume bakoitzak itinerario edo bide propio bat eraikiko du bidelagun edo tutorearekin eskuz esku, taldekideak ere alboan izanik." Uxuek azpimarratu dunez: “Saio grupalak bereziki aproposak dira emakume bakoitzak berezko dituen gaitasunak identifikatu, balioan jarri eta indartzeko; taldetasunean norbanako moduan haziz, elkar-zainduz eta indartuz. Emakumeen perfila, nagusiki, euren jatorrizko herrialdeetatik Soraluzera migratu dutenena da eta horrek, sarri, beste hainbat faktorerekin elkar-ekintzan, bertako baliabideen ezagutza eta irismena mugatzen du. Hala eta guztiz ere, programa honetan azpimarra beste toki batean jarri nahi da: emakumeon ezagutza, talentu eta aukeretan”.
Argazkia: 2023ko martxoan Idoia Telleria Maritxalar argazkilari eta bidelagunarekin egindako "Argazkia eta ahalduntzea" saioetako argazkia.