Euskarazko irakurle klubeko kideek gaur, astelehena, dute hitzordua

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2023ko ira. 18a, 08:53

Emiliene Malfatto idazle eta argazkilari frantsesaren "Deitora zaitzala Tigrisek" liburuaz berba egingo dute gaurko, astelehena, saioan euskarazko irakurleen klubeko kideek.

Udaleko Hizkuntza Politikaren Batzordearen ekimenez herrian sortu zen Euskarazko Irakurleen Klubak gaur, irailak 18, egingo du hurrengo saioa, Emiliene Malfatto idazlearen "Deitora zaitzala Tigrisek" liburuaren gainean jarduteko.

Klubeko kideak bi hilabetean behin elkartzen dira astelehenetan, arratsaldeko 7etan, udal liburutegian, aldiko liburu ezberdin bat lantzeko. Tarteka, gainera, aukeratutako liburuaren idazlea ere gonbidatzen  dute saioetara.

Apurka-apurka kluba handitzea da antolatzaileen asmoa eta oraindik ere badago taldera biltzeko aukera, Udal Liburutegiarekin harremanetan jarriz.

Nerea Loiola idazle debarra da klubaren saioak dinamizatzen dituena.

Sinopsia

"Deitora zaitzala Tigrisek"

Gaur egungo Irakeko landa eremuan, Tigris ibaiaren ertzean, debeku zorrotza hautsi du neskatxa batek: maitasunezko harreman bat izan du ezkontzatik kanpo, bizitzaren oldar baten antzekoa. Mutila hil egin da bonben azpian, neskatxa haurdun dago: erabakia du patua. Mekanismo errukigabea abian jartzen den bitartean, neskatxaren familiako kideak agertuko dira banaka-banaka itzal mutuen erronda batean, Gilgamex heroi mesopotamiarraren begiradapean. Émilienne Malfattok, idazkera sotil baten bidez eta ongi ezagutzen duen Irakeko errealitate konplexua inspirazio iturri hartuta, gizarte hertsi batean murgilduko gaitu, gizonen autoritateak eta ohorearen legeak gobernatutako gizarte batean. Ahots asko biltzen dituen eleberri garaikide bat da hau, tragedia greko baten indarraz astinduko gaituena.