LGTBIfobiaren aurkako Nazioarteko Eguna

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2023ko mai. 17a, 13:48

Adierazpen instituzionala kaleratu du Udalak gaur ospatzen den LGTBIfobiaren aurkako Nazioarteko Egunean; arratsaldeko 7etan elkarretaratzea egingo da Plaza Berrian.

Soraluzeko Udalak ondorengo Adierazpen Instituzionala kaleratu du LGTBIfobiaren aurkako Nazioarteko Egunaren harira:

1990eko maiatzaren 17tik, Munduko Osasun Erakundeak (MOE)  homosexualitatea gaixotasunen zerrendatik kendu  zuela ospatzen da. Horregatik, LGTBI kolektiboetako pertsonentzat balio esanguratsua du, eskubideen aldeko eta diskriminazioaren aurkako jardueren ardatz gisa, gaur egun oraindik ere aurre egin behar baitio norma hegemonikoarekin bat ez datorren pertsona orok.

2023an gaude, eta, tamalez, LGTBI kolektiboak jasaten duen zapalkuntza jasanezina da oraindik. Indarkeriak, era guztietakoak – jipoiak, irainak, intimidazioak eta baita hilketak ere– egunerokotasunaren parte izaten jarraitzen du. 2022.urtean Euskadin, sexu-orientazioagatik eta -identitateagatik erregistratutako gorroto-delituak 96 izan ziren, 2021ean baino % 31,5 gehiago. Hori gutxi balitz, duela egun gutxi jakin genuen asteburu honetan Villabonan gay bikote batek jipoi handia jaso zutela, «maricones de mierda, extranjeros; largaos de aquí» oihukatuz.

Beharrezkoa da gure gizartean oraindik indarrean dauden  diskriminazioen aurkako borroka sendotzen  jarraitzea, askotan  ikusezin  bihurtzen diren genero-identitate, eta sexu-orientazio adierazpen oro errespetatuak izan daitezen. Gizarte osoaren erantzukizuna da diskriminazio eta indarkeria mota guztien aurka borrokatzen jarraitzea.

Herritar guztion zeregina da ahaleginak batzea gizarte inklusibo eta anitza lortzeko, aniztasuna dagokigun esparrutik ulertzean gain,  zentzurik zabalenean ere kontuan hartuz. Soraluzeko Udalak, gizarte-eragile guztiekin batera jardungo du, gizarte bidezkoagoa, errespetuzkoagoa  eta inklusiboagoa eraikitzeko. Berdintasunerako eskubidearen eta identitate edo orientazio sexualagatiko nahiz  generoagatiko diskriminaziorik ezaren alde lan egiten jarraituko dugu, aniztasuna aske bizitzea sustatzeko helburuarekin.

Soraluzeko Udalak,  Maiatzaren 17an  zein  urteko  beste  364  egunetan, LGTBI  pertsonen eta haien ingurukoen ondoan jarraituko du, LGTBIfobiaren aurka borrokatzen.

Azkenik, Soraluzeko Udalak LGTBIfobiaren aurkako elkarretaratzean parte hartzeko deia egiten die herritarrei. Elkarretaratzea gaur izango da, maiatzaren 17an, 19: 00etan, Plaza Barrian.

Maiatzaren 17an, atzerapausorik ez LGTBIfobiaren aurka!