Goiko kaleko zorua leuntzeko lanak

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2023ko mai. 12a, 12:50

Astelehenean hasiko dira Bolia taberna eta Plaza Zaharraren arteko zorua leuntzeko lanak; obrak dirauten bitartean leihoak itxi eta arroparik ez esekitzeko gomendatu du Udalak.

Maiatzaren 15etik maiatzaren 24a bitartean (biak barne) egingo dituzte Bolia taberna eta Plaza Zaharraren arteko zorua leuntzeko lanak; bertatik igaro behar duten herritarren irisgarritasuna hobetze aldera.

Herritarrek "Goiko kalea" modura ezagutzen duten Etxaburueta kaleko lehen zatiko bizilagunek, baita bertatik igarotzen diren gainontzeko herritarrek ere, arazoak izaten dituzte gurpildun aulkiekin kaleko joan-etorriak egiteko, zoruaren ezaugarriek - adokina edo galtzada-harria- zaildu egiten dutelako era horretako aulkiekin modu egokian ibiltzea.

Hau horrela, eta bertako bizilagunek egindako eskaerari erantzunez, Udalak leundu egingo du herriko anbulategitik Bolia tabernara arteko zoru-zatia.

Ondorioz, obrak dirauten bitartean, astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 18:30era, kale-zati horretara ematen duten leihoak itxi eta arropa ez esekitzea gomendatzen zaie bizilagunei, harrotuko den hautsa ekiditeko.

Lan hauek Izagirre Igeltsaritza enpresak burutuko ditu eta udalak 10.303,99 euroko inbertsioa burutuko du.