Hiru urteko haurrentzako udalekuak

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2023ko api. 4a, 11:52

3 urteko haurrek uztailean herrian antolatzen diren udalekuetan parte hartu ahal izango dute aurten lehenengo aldiz; ludotekako hezitzaile-taldea arduratuko da jarduera dinamizatzen.

Martxoaren 22an egindako Hezkuntza, Haur eta Gazteria Batzordean jakinarazi zen bezala, Soraluzeko Udalak 3 urteko haurrentzako udalekuak jarriko ditu abian aurten.

Orain arte, 4 eta 12 urte bitarteko haurrek parte hartu ahal izan dute Pilpilean elkarteak antolatu eta Udalak finantzatzen duen jarduera honetan,. Aurten 3 urteko umeei ere emango zaie parte hartzeko aukera. Esperientzia pilotu bat da, denboran irauteko bokazioarekin sortu dena, eta guztiz bat dator erakunde publikoek haurrek aisialdirako, jolaserako eta arte- eta kultura-jardueretan parte hartzeko duten eskubidea bermatuko duten ekimenak bultzatzeko dugun betebeharrarekin".

Hiru urteko haur horiek talde propio bat osatuko dute, eta talde horrek modu independentean funtzionatuko du, 4 eta 12 urte bitarteko neska-mutilentzako udalekuen data beretan. Taldeak bere adinari egokitutako ordutegi, programazio eta jarduerak izango ditu, eta udal-ludotekako hezitzaile-taldeak dinamizatuko eta gainbegiratuko du.

Aurten udalekuak uztailaren 3tik 14ra izango dira eta matrikulazioa maiatzaren 8tik 19ra egin ahal izango da.

3 urteko taldearentzako matrikula arruntaren prezioa 40 €-koa izango da, eta zenbateko horri kasu bakoitzean aurreikusitako hobariak aplikatuko zaizkio.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.