Argi berriak jarri dituzte elizpean

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2023ko ots. 6a, 09:09

Argiak berritu ditu Udalak elizpean; monumentu izendatutako egitura hobeto argiztatu eta, bide batez, ekintza bandalikoak ekiditea da helburua.

Soraluzeko udalak erabilera publikokoa den Jasokunde Andre Maria elizaren atariko fokuak berritu ditu.

Iker Aldazabal alkateak jakinarazi duenez, “Udalak 84.624,52 €-ko inbertsioa burutu zuen 2022. urtean argiteria publikoa zaharberritzen. Dinamika  berdinarekin jarraituz, aurten ere, eliz-atariko fokuak berritzeko lanekin hasi du urtea".

Lan hauei esker, ilun zeuden portikoko hainbat gune hobeto argiztatuko dira, errenazimendu eta barroko garaiko motiboak uztartzen dituen harribitxi arkitektonikoaren edertasunaz hobeto gozatzeko eta, bide batez, ekidin egin nahi dira bandalismo ekintzak.

Lanak LAIBI elektrizitate enpresak burutu ditu eta udalak 1.698,84 euroko inbertsioa burutu du.

Eliz ataria

Euskal arte herrikoiaren eredu bikaina da 1666. urteean eraikitako elizpe hau. Eraiki, Pedro de Aldazabal Madalzeta zurginak egin zuen. Diseinua, berriz, Debako Antonio de Anziondo maisuarena da. Zura lantzeko moduan oraindik ere arte popularrean oso present darraiten errenazimenduko motiboak barroko garaikoekin nahasten dira. Eliz-ataria laurogeigarreneko hamarkadan goitik behera barriztatu zuten.