Soraluzeko Udala 2017ko abuztuaren 9an egin zen Sologoeneko zentral hidroelektrikoaren jabe, aurretik zentrala ustiatzen zuen Sozietate Publikoa likidatuta. Iker Aldazabal alkateak adierazi duen bezala, “ Udalak energia berriztagarrien aldeko apustu irmoa egin du zentralaren bidez energia elektrikoa ekoiztuz eta aurten zenbait inbertsio egingo dira, zentralaren errentagarritasuna hobetze aldera”.
Hauek dira egingo diren hobekuntzak lanak:
• Zama-kameraren eta presaren uhate kulunkaria hobetzeko lanak egingo dira. Horien zenbatekoa, 805,86 eurokoa da.
• Hoztea automatizatuko da presostatoa eta elektro balbulak instalatuz. Bestalde, 2 kondentsadore-pote konponduko dira; egin beharreko lanak 2.360,71 eurokoak dira.
• Uhatea ixteko junta konponduko da eta torloju eta eskuzko erreduktore berriak jarriko zaizkio. Ur jausi txikia garbituko eta ur jario nagusiak konponduko dira. Azkenik, ur jausiko garbigailuak konponduko dira. Egin beharreko lanen zenbatekoa 41.789,16 euroko inbertsioa da.
Zer da zentral hidroelektriko bat?
Errekako uretan dagoen grabitazio energia potentziala aprobetxatzea posible egiten duen instalazio bat da, turbina bidez argindar bihurtuz. Energia hidraulikoa energia berriztagarria da, euri urak aprobetxatzen ditu eta prozesuan zehar erabilitako ura berrerabili egin daiteke.
Sologoeneko zentralaren instalazioak
Ur aprobetxamendua: Deba ibaian aurkitzen den presa, konkretuki Osintxu auzoan. 31 metro luzerakoa eta 3,5 metro altuerakoa. 2,5 metro zabalerakoa. Arrainek presa zeharkatzeko azpiegitura ere badauka.
Ura bideratzeko kanala: Presaren ezkerreko aldetik hasiera ematen zaio 56 metroko luzerako kanalari. Kanalak errepidea lur azpitik igarotzen du eta 247 metroko tunel bitartez, Mugarriko mendia zeharkatzen du. Ondoren beste 286 metroko kanalak jarraitzen du eta berriz ere beste 138 metroko tunel bitartez Hirukurutzetako mendia zeharkatzen du. Azkenik, beste 96 metrotako kanalaren bitartez, zentraleko makina gelara iristen da. Guztira, 385 metroko luzera daukate tunelek eta 438 metro kanal irekiak. Beraz, guztira kanalaren luzera 823 metrokoa da.
Makina gela: 145 m2 ditu eraikinak eta 9 metroko ur jausia dago bertan. Leku horretan kaplan izeneko ardatz bertikaleko eta erregulazio bikoitzeko Kossler Iberica S.A turbina aurkitzen da. Baita 425 KW alternadorea ere. Urak behin turbinatu ondoren, berauek berriz ere Deba ibaira isurtzeko hustubidea ere badago.