Musika Eskolako Zuzendaritza Batzordeak egindako eskaera aintzat hartuta, 4.750 euroko lehen inbertsio bat egin berri du Soraluzeko Udalak bertako hainbat gela akustikoki egokitzeko helburuarekin. Guztira 3 gelatan egin dira egokitzapen-lanak, horma zein sabaian panel akustikoak jarrita. Modu honetara desagertu egingo da orain artean bertan zegoen oihartzuna, aipatu panelek soinua xurgatu egingo baitute.
Musika eskolako ikasleentzat eta herriko taldeen entseguetarako
“Egokitutako geletako bat konbo edo musika-taldeen gela da, zeina eskolako ikasleez gain herriko musika taldeek ere erabili ahal izango duten, beren entseguak burutzeko”, jakinarazi du Iker Aldazabal Soraluzeko alkateak.
Lanek emandako emaitza ona ikusita, panelak eskolako gela gehiagotara zabaltzeko aukera aztertzen ari da Soraluzeko Udala. Halaber, abiatutako hobekuntza-lanen barruan, eraikinaren kanpoaldean zein barrualdean errotulu ezberdinak jartzeko eskaera ere onartu du Udalak.