Bihar azaroaren 12an, larunbata, Soraluzeko Udalak eta DEBEMEN elkarteak antolatuta, XXVI. GAZTAÑERRE AZOKA ospatuko da Soraluzen. Urtero egin ohi den bezala, Erregetxen baserrietako abereak eta produktuak egongo dira erakusgai eta salgai 10:00etatik 14:00etara bitartean. Horrez gain, artisauek ere beren lanak erakutsi eta salduko dituzte.
Guztira hiru postu jarriko dira Soraluzeko Lezarri eta Arizaga baserritan ekoizten diren produktuekin: hain zuzen ere barazkiak, frutak, eztia, gazta, ogia… Bestalde, Egotza Baserriko Nagore Martinek ahuntz gazta salgai izango du.
Soraluzeko artisauek material desberdinak erabiliz (zumitza, larrua, egurra, oihala...) egiten duten artisautza ikusteko eta erosteko aukera ere egongo da. Besteak beste, artisauak honako hauek izango dira: Edurne Garate, Amaia Amor, Nuria Muro, Kristina Albisua, Saadia Nasir, Antxon Fresnedo, Lorea Calles, Idoia Katxo, Jon Mendikute, Mayara Zarobe eta Andoni González. Eta Juan Kruz Arizagak aintzinako aroztegiko tresnen erakusketa bat ere egingo du.