Bizikidetza eta Memoria jardunaldien baitan, 'Bi arnas'

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2022ko urr. 21a, 11:30

Dokumentala eskainiko da asteartean (urriak 25), 19.00etan, Herri Antzokian

2015tik aurrera, Soraluzeko Udalean ordezkaritza duten alderdiek (EH Bildu, EAJ-PNV eta PSE-EE) Bizikidetzako lan taldea eratu zuten. Hau horrela urtean zehar, udazkenean, Bizikidetza eta Memoria jardunaldiak antolatzen dituzte eta aurtengoan bi ekitaldi izango dira: dokumentala eta argazki erakusketa. 

Bi arnas izango da eskainiko den dokumentala eta urriaren 25ean, datorren asteartean, 19.00etan izango da proiekzioa Herri Antzokian.

Bi arnas torturaren gaineko testigantza bat da, bidegabekeria baten isla eta sekula eskaini ez den elkarrizketa bat. Historia honetan bi arnas kontatzen dira; Iratxe Sorzabalena eta Mari Nieves Diazena, bere amarena. Biek ala biek, bakoitzak bere modura, torturak eragiten duen arnas falta sufritu dute, beste hainbat sufrikariorekin batera. Lehenak, bere azalean pairatu du bizitzarekiko behin-behineko etena. Bigarrenak, berriz, bere parte izan zen alabaren gorputzean. Bi arnas ikusezin horiek ikusarazi nahi ditu historia honek, bi itolarri horiek, sufrimendu bikoitz hori. Kasu honetan, amaren ahotik eta bizipenetatik, baina alabak bere azalean sufritutakoa ardatz hartuta, eta ahal den neurrian Iratxeren ahotsa ere entzunaraziz.