Soraluzeko Udaleko Haur eta Gazteen Saileko arduradun Patricia Borinagak Etxaburuetako parkea berritzeko proiektua aurkeztu zuen irailean egindako batzordean. Berritu beharreko espazioan, gaur egun petanka jolasteko gune bat dago, 97 metro koadroko azalera erabilgarria du eta oso hondatuta dago.
Borinagak azaldu duenez, udalerriaren erdigunean dagoen espazio horren birmoldaketa izan zen haur eta nerabe soraluzetarrek 2021ean egindako Parte-hartze Prozesuan planteatutako eskaeretako bat, prozesua aisialdirako ohiturak ezagutzeko eta udalerrian egin daitezkeen hobekuntzak baloratzeko egin zen. Eskaera jaso ondoren, hainbat aukera aztertu ziren udal-teknikariekin, espazioa herritarren gozamenerako leku bihurtzeko, eta ondorioztatu zen aukerarik onena zela parke bat instalatzea, ur-jolasgunea edo ur txorrot eta guzti.
Eskari historikoa
Borinagak gaineratu du parke-mota hori udalerriko gurasoen eskaera historiko bat ere badela, eta gustura geratuko direla instalazio horrekin. Gainera, aisialdirako beste aukera bat izango da, batez ere udari begira, eta Baltegietako skate parkearekin edo Txurrukengo kalistenia parkearekin duela gutxi sortutakoekin bat egingo du. Asmoa da parkea datorren udatik aurrera erabiltzeko prest egotea, eta, hori posible izan dadin, Udalak lehenbailehen prestatuko ditu proiektuaren lizitaziorako eta esleipenerako behar diren pleguak, eta dagokion partida ekonomikoa sartuko da 2023rako udal-aurrekontuan.