Aste honetan bukatu dira Plaentxi Herri Ikastetxeko patioa egokitzeko zahar berritze lanak. Abuztuan patioko zorua leundu zen eta baita areto-futbolaren eremua markatu ere. Lan hauek Bergara Margoak SL enpresak burutu zituen eta Udalak, 10.253,24 euroko (BEZa barne) inbertsioa egin zuen.
Argiztapena zaharberritua
Era berean, aste honetan, zentroko patioan dagoen estalpeko argiztapena zaharberritu da. Honela, LED sistemako kontsumo txikiko zortzi farola berri jarri dira. Lan horiek LAIBI elektrizitate-enpresak egin ditu, 3.859,90 euroko inbertsioarekin.
Iker Aldazabal alkateak nabarmendu duenez, “azken hobekuntza horiei esker, Plaentxi Herri Ikastetxeko patioa erabat egokituta geratuko da erabiltzaileen gozamenerako”.
Azken hobetze-lan horiek Udalak iazko irailean egindakoei gehitu zaizkie. Orduan, parke berri bat eraiki zen ikastetxeko patioan, oporraldia aprobetxatuz. Modu honetara, aisialdirako hainbat gune sortu ziren, baita hainbat baratze ere. Jolastokia eraberritzeko beharra aspaldi adierazi zuen ikastetxeak, espazio hezitzaileagoa eta inklusiboagoa sortzeko eta, eskaera horri erantzunez, ordura arte zabalgune handia izan zena, hainbat gune edo txokotan banatu zen, eta futbol-zelaiak zentralitatea galdu zuen, beste jarduera batzuen mesedetan.
Espazio ugari dituen patioa
Patioak elementu hauek ditu gaur egun: oreka-eremua; jolas-elementuak; baratzeak; atsedenlekuak eta futbol-zelaia. Gainera, espazioa txukuntzeko, paperontzi berriak jartzeko eta zutoinak eta hormak margotzeko aprobetxatu zen.