Soraluzeko Udalak wifi konexioa jarri du kiroldegiko gimnasioan

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2022ko ira. 28a, 13:18

Duela astebetez geroztik doako wifi konexioaz balia daitezke udal kiroldegiko gimnasioko erabiltzaileak.

Asko dira gaur egun kiroldegiko gimnasioa erabiltzen duten herritarrak eta asko dira, halaber, kirola egiten duten bitartean musika entzuteko ohitura dutenak, bertan ematen duten denbora atseginagoa egite aldera.


Hori horrela, doako wifi konexioa jartzeko eskaera bat baino gehiago jaso izan da azken aldian Soraluzekko Udalean eta, eskaera horiei erantzun eta udal zerbitzuak hobetzeko konpromisoari jarraituz, dagoeneko erabilgarri dago aipatu konexioa.


Sare bakarra eraikin osorako

Wifia gimnasiora zabaltzeko lanak aprobetxatuz, kiroldegi osoko wifi instalazioa eguneratu du Udalak eta bateratu egin ditu eraikineko gela ezberdinetan zituen sareak. Lan hauek Euskotel enpresak burutu ditu eta 3.283,03 eurotako inbertsioa suposatu dute. Aurrerantzean, beraz, sare berberak emango dio zerbitzua kiroldegi osoari eta bertako instalazio guztietan izango da konexioa: Herri Antzokia, liburutegia, ludoteka, erakusketa-gela, Tolarekua aretoa, gimnasioa eta kirol-gelak.


Sarearen izena ARANE da eta konektatzeko ez da pasahitzik behar.

 

Wifi-konexioa goizeko 8:30etik 21.30era egongo da erabilgarri.