Soraluzeko Udalak 2022an aurreikusita dituen inbertsioen artean kokatzen dira Udalaren jabetzakoa den Kalebarren 8 zenbakiko lokalaren egokitzapen lanak. Bertan herriko enplegu eta gizarteratzeko zentro berria kokatuko da. Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, bazterkeria arriskuan dauden pertsonei arreta emateko zentro bat irekiko du, enplegu duin bat lortzera bideratutako ibilbide pertsonalizatuak eskainiz.
Gizarteratze politikak bultzatu eta formazio saioak eskaintzeko
Udalerriko langabezia tasa %13a izanik, eta diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten herritar kopurua bailarako handiena, Udalak zentro hau herritarrentzako arreta bulego bezala egokitu nahi du, Iker Aldazabal alkateak nabarmendu moduan, “enplegagarritasun eta gizarteratze politikak aurrera eramateko”. Bestalde, Lanbiderekin elkarlanean, formazio saioak ere antolatuko dira, langabezian dauden herritarrek aukera zabalagoak izan ditzaten lan merkatuan sartzeko. Era berean, gizarte eta lan arloko aholkularitzarako “hurbileko gunea” ere izango dela gaineratu du Aldazabalek.
Bi solairuko lokala
Lokalak bi solairu ditu: kale-mailan dagoen lokala, 120 metro karraturekin eta sotoa, 70 metro karraturekin. Udala lokala zahar-berritzeko proiektua lantzen ari da eta ondorengo banaketa egitea aurreikusten du: 7,32 m2-ko ataripea; 10,91 m2-ko talde-arretako gela; 9,48 m2-ko banakako arretarako gela; 16,24 m2-ko beste talde-arretako gela bat eta 50 m2-ko erabilera anitzeko formazio gela bat.
Beheko solairua eta sotoa bat egingo dituen barne eskailera eraikiko da eta irisgarritasun baldintzak bermatzeko, igogailu bat. Sotoaren espazioaren banaketa ondokoa izango da; 50 metro karratuko erabilera anitzeko formazio gela bat eta erabiltzaileei zerbitzua emango dien bi komun.