Soraluzeko Udalak kolektibo kalteberei babesa ematearen aldeko apustua egin du, lan-aukerak eskaintzeko proiektu baten bidez. Joan den ostiralean, Debabarreneko Landa Garapenerako Agentziako (Debemen) kide diren Mutriku, Itziar eta Soraluzeko ordezkariak bildu ziren Europar Batasunak finantzatutako lan-eskaintzaren xehetasunak ezagutzeko. Soraluzeren izenean, Iker Aldazabal alkatea eta Ramón Gallastegi Ingurumen eta Landa Garapeneko zinegotzia izan ziren bertan. "Oso proiektu garrantzitsua da Soraluzerentzat, gehien behar duten udalerriko pertsonei lagundu nahi baitie, enplegu egonkorragoa lortzeko aukera emanez. Udal honen helburu nagusietako bat da hori, Soraluze Bizi 2030 gure ekintza planean jasotzen dugun bezala”, nabarmendu du alkateak.
Enplegu-eskaintza hori Europar Batasuna-NextgenerationUE erakundeak finantzatutako Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan dago, zehazki, Berrorekarako eta ekitaterako lurralde-proiektu berriak. Kolektibo kalteberak izeneko programaren barruan. Kontratazio horien bidez, berroreka sustatu nahi da, enplegua lortzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboentzako gizarteratze-proiektu integratuen garapena bultzatuz, lurralde osoko biztanle guztientzako hazkunde orekatua eta iraunkorra sustatzeko eta kolektiboen arteko eta eskualdeen arteko desberdintasunak arintzeko. Horrela, helburua da gizarteratzeko eta laneratzeko prozesurik gehien behar duten biztanleei aukera ematea prestakuntza-jarduerekin eta banakako laguntzarekin batera lan-esperientzia izateko, laneratze egonkorragoa izan dezaten.
Lanbiden zortzi peoi posturen izen-emate epea zabalik
Lana aurkitzeko laguntza hori hainbat motatako ekintzak konbinatzen dituzten banakako ibilbideak garatuz egingo da, hala nola lan-orientazioa eta aholkularitza, prestakuntza eta gaitasun profesionalak eskuratzea, laneratzea eta enplegua sortzea lanaldi partzialeko aldi baterako lan-kontratuen bidez, eta, era berean, benetako berdintasuna eta diskriminaziorik eza indartuz enplegua lortzean. Ildo horri eutsiz, uztailaren 26ra arte (asteartea) zabalik dago programa honen barruan eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren bitartez eskainitako Debemeneko zortzi lanpostutan izena emateko epea. Lanpostu guztiak balio anitzeko peoirako dira (Lanbideko kodea: 162022009119) eta kontratua sei hilabetekoa izango da irailetik aurrera. Kontratatutako pertsonek lorezaintza, garbiketa, pintura eta igeltserotza lanak egin beharko dituzte Soraluzen, Deban, Itziarren eta Mutrikun. Informazio gehiago nahi izanez gero, Lanbideren web-orria kontsulta daiteke: www.lanbide.euskadi.eus, edo, nahiago duenak, Euskal Enplegu Zerbitzuaren bulego fisikoetara jo dezake.