Linazibar lur sailean haur parkea eta tirolina dituen aisialdi gune berria zabaldu du Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2022ko uzt. 19a, 16:02
Herritarren gozamenerako sortutako 2.500 metro karratu dituen espazio honekin degradatua zegoen guneari erabilera berria emango zaio

Soraluzeko Udalak haur parkea eta tirolina dituen aisialdi gune berria zabaldu du Linazibar lur sailean. Ingurumena zaintzea, balorean jartzea eta aisialdirako aukera gehiago eskaintzea helburu duen Soraluze Bizi 2030 egitasmo planari jarraiki, Iker Aldazabal alkateak adierazi duenez, “Udalak urteetan degradatuta egon den lur saila erosi ondoren, txukundu, garbitu eta atondu egin du, Deba ibaiaren alboan aurkitzen den eremua herritar guztientzako aisialdi eta atseden gune bihurtzeko”.

Iaz hasi ziren lekua atontzen lehen fase batean. Udalak orduan lur saila garbitu eta txukuntzeari ekin zion, hondakin guztiak jasoz. Orain, bigarren fase batean, arrapala berri bat eraiki da aisialdi guneak sarbide egokia izan dezan, herritarren irisgarritasuna bermatuz. Gainera, bertakoak diren  12 zuhaitz landatu dira;haritzak, lizarrak eta urkiak. Era berean, hiri altzari berriak ipini dira 2.500 metro karratu dituen aisialdi gune berria atontzeko. Besteak beste, egurrezko bost banku, sei piknik mahai eta txirrista bat jarri ditu Udalak. Bizikletak lotzeko gunea ere izango dute herritarrek hemendik aurrera. Lan hauek guztiak Makai Lorazaintza enpresak burutu ditu, 8.943,59 euroko inbertsioarekin. Inbertsio hau Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Departamentuak emandako dirulaguntzari esker finantziatu du Soraluzeko Udalak. 

Tirolina, 6 eta 14 urte bitarteko haur eta gaztetxoentzat

Azken berritasun bezala, Udalak tirolina bat jartzea erabaki du. “Gure gazteen gozamenerako prestatu dugu arrakasta handia izaten duen jolasa”, nabarmendu du alkateak. Linazibareko tirolina 6 eta 14 urte bitarteko haur eta gaztetxoei dago zuzendua. Tirolina Industrias Agapito enpresak jarri du eta Udalak 8.871,12 euroko (BEZa barne) inbertsioa burutu du.