Aranzadi Zientzia Elkarteak aurkeztuko du Dolmenen Ibilbideari buruzko liburua, Karakaten egingo den ekitaldian. Liburua Telesforo Aranzadi bilduman argitaratuko da eta besteak beste, Jesus Tapia arkeologoak idatzi du, azken urteotan Dolmenen Ibilbideko indusketen zuzendaria izan denak.
Tailerrak umeendako
Liburuaren aurkezpen ekitaldia Karakateko aparkalekuan izango da, 11:00etan, proiektuan parte hartu duten hiru udalerrietako alkateen hitzaldiarekin: Bergara, Elgoibar eta Soraluze. Ondoren Jesus Tapia arkeologoak aurkeztuko du liburua. Jarraian, 11:30ean historiaurreari buruzko tailerrak izango dira haur eta gaztetxoentzat, Hezur Museoko José Julián Márquezen eta Galemys enpresaren eskutik.
Azkenik, 12:30ean salda eta txorizoa banatuko zaizkie bertaratutakoei. Ekitaldira joaten direnek liburuaren ale bat eskuratu ahal izango dute doan, izakinak agortu arte.
Dena den, ondoren, liburua 5 euroan erosi ahal izango da, Bergarako Laboratorium Museoan, Elgoibarko Herritarren Arreta Zerbitzuan, Elgoibarren (txartelarekin ordainduta bakarrik) eta Soraluzeko Udaletxeko harreran.
Autobusa igotzeko
Aurkezpenaren egunerako Karakatera igotzeko autobus zerbitzua antolatu da. Autobusa Ezoziko geltokitik abiatuko da, ordu erdiro. Estazino kaleko autobus geltokian eta San Andresen egingo ditu geldialdiak, eta Karakateko aparkalekuraino igoko da. Jaisteko, berriz, Karakaten hasi eta San Andresen, Zubi Nagusian eta Baltegietako geltokian egingo ditu geldialdiak. Igotzeko lehen zerbitzua 09:00etan izango da, eta jaisteko azkena, 13:30ean. Soraluzeko Udalak San Andresetik Karakatera doan errepidea itxiko du 09:00etatik 13:30era. Ekitaldira joan nahi dutenei oinez edo autobusez bertaratzea gomendatzen zaie.