Eskualdeko geologia ezagutzeko txangoa

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2022ko mai. 2a, 12:28

Soraluze, Eibar eta Elgoibarko arroka bolkanikoak ezagutzeko txangoa egingo da igande honetan EHUko geologoen eskutik, "Geolodía" dibulgazio astearen barruan.

Maiatzaren 7 eta 8ko aste bukaeran Geolodía itzultzen da, geologiaren dibulgazio-astea.

Sociedad de Geológica de España-k (SGE) antolatuta, ibilbide geologiko ezberdinak ezagutzeko aukera izango da, estatuko probintzia guztietan, gure egunekotasunean geologiak duen erlazio estua ikusten lagunduko dutenak.

Gipuzkoari dagokionean, Elgoibar, Eibar eta Soraluzen dauden arroka bolkanikoak azalduko diren ibilbide geologiko bat burutuko da maiatzaren 8an, igandea, Euskal Herriko Unibertsitatea UPV/EHUko geologoen eskutik.

Ekimenak orain dela 100 milioi urte sortu ziren arroka bolkanikoak ezagutzeko aukera emango du. Ibilbide geologiko hau Elgoibarren hasiko da, ondoren Eibarreko Azitain industria-guneko leherketa bolkanikoak eragindako arrokak ikusiko dira eta Soraluzeko bidegorriko arroka bolkanikoekin bukatuko da.

Ibilbide geologikoa euskaraz eta gaztelaniaz egiteko aukera izango da eta iraupena 3 orduko izango da, gutxi gora-behera.

Parte hartzeko, aurrez izen ematea beharrezkoa izango da Geolodía Gipuzkoa 2022 webgunean, euskaraz edo gaztelaniaz. Ibilbidearen irteera Elgoibarreko hilerriaren aurrean, Bilborako noranzkoan dagoen oinezko pasabidearen ondoko aparkalekuan, izango da, goizeko 9:00etan euskarazko ibilbiderako eta 10:00etan gaztelaniaz egingo den ibilbiderako.

Eskualdeko arroka bolkanikoak

Euskokantauriar arroko arroka bolkanikoak orain dela 80-110 milioi urte sortu ziren. Garai hartan, gure lurraldea ur azpian zegoen itsaso tropikal batean eta Ozeano Atlantikoaren zabaltzearen ondorioz, Iberiar eta Europar plakak bereizten hasi ziren Bizkaiko golkoa irekiz. Irekitze honen ondorioz itsaspeko lurrazala mehetu zen, mantua gorantz mugituz eta mantuko arroken urtzea eraginez, magma basaltikoak sortuz. Magma hauek, inguruko arrokak baino dentsitate txikiagoa zutenez beren goranzko ibilbidea hasi zuten itsas-hondora iritsi arte.

Goranzko bidai honetako etapa desberdinak ikusiko ditugu Geolodía-Gipuzkoa ibilbide geologiko honetan. Elgoibarren, igoera horretan arroketan tartekaturik gelditu ziren magmak aztertuko ditugu; Eibarren, bidai horretan magmak nola zeharkatzen zituzten materialak ikusiko ditugu eta baita erupzio leherkor bolkaniko bortitzek eragindako arroka piroklastikoak ere; eta bidai honetako azken etapan, itsas hondoan laba basaltiko horiek nola azaleratzen ziren aztertuko ditugu.

Izena emateko eta ibilbide geologiko ezberdinen informazio gehiagorako, Geolodiaren webgunea kontsulta daiteke https://geolodia.es/geolodia-2022/.

Bisitari buruzko informazio gehiago, ondoren helbidean eskuratu daiteke comunicación@sociedadgeologica.org