Soraluzeko Udaleko Ingurumenaren eta Landa Garapenaren Batzordeak sustatuta, beste lursail bat erosi du Udalak mendigainean. Azken urteetan Karakate-Hirukurutzeta mendilerroan erosten duen zazpigarren lursaila da eta, honenbestez, 126.700 metro karraturen jabe egin da.
Joan den urtarrilaren 31ean egindako bileran mendigaineko “Akilar” izeneko lursaila erostea erabaki zuen Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak. Lursaila Karakate-Hirukurutzeta mendi-lerroan aurkitzen da, 26.147,07 m2-ko azalera dauka eta 9.412,95 euroan erosi du Udalak.
Udal Gobernuaren asmoa apurka-apurka Karakate-Hirukurutzeta mendi-lerroan dauden lurrak erosten joatea da. DEBEGESA (Debabarreneko Garapen Ekonomikorako agentzia), Debemen (Debabarreneko Landa Garapen Elkartea) eta Elgoibar, Soraluze eta Bergarako Udalek mendigaineko Dolmenen Ibilbidea balioan jartzeko egiten diharduten apustu garrantzitsua kontuan izanik, Soraluzeko Udalak lehentasunezkoa ikusi du lur-sail hauen erosketa burutzea proiektua aurrera eraman ahal izateko.
Esan bezala, Karakete-Hirukurutzeta mendi-lerroa balioan jartzea da bertan lur-sailak erostearen arrazoia. Herritarrentzako paraje kuttuna izateaz gainera, inguruak balio handia dauka, hala ingurumenari dagokionean, nola turismoari, paisaiari, abeltzaintzari zein ondare historikoari dagokionean ere, eta hori babestu eta garatu nahi ditu Udalak.
Mendigaineko lur sailen kudeaketa egokia gauzatu ahal izateko Udalak Basoinsa S.L enpresa kontratatu zuen iaz, Muskiritzuko mendi lerroko kudeaketa plana idazteko. Plan honen helburua, udalerriko zati diren Muskiritzuko mendilerroan kokatzen diren lursailetan natura-ingurunea hobetzeko eta biodibertsitatea kontserbatzeko egin beharreko lanak zehaztea da.
2015. urteaz geroztik Udalak erosten duen zazpigarren lursaila da hau, guztira 126.700 metro karratu eskuratu dituelarik, 45.621,06 eurotako inbertsioa eginez.
Hauek dira azken urte hauetan zehar udalak eskuratu dituen lursailak:
- Gizaburuaga izeneko 3 lursaila (33.464m2), 12.047,02 euroan.
- Idoia-Azkabeitiaburua (26.289m2), 9.464,04 euroan.
- Mando-Iturri (20.430m2), 7.354 euroan.
- Askabeitia (20.400m2), 7.344 euroan.
- Akilar (26.147.07m2), 9.412 euroan.
Iker Aldazabal alkateak jakinarazi duenez ”Lur sail berri hau eskuratzeak beste urrats garrantzitsu bat suposatzen du, Muskiritzuko mendilerroko natura-eremua eta biodibertsitatea hobetzeko kudeaketa-plana bere osotasunean garatzeko”.