Soraluzeko Udalak gogor salatu nahi du, eta gaitzespen sutsua adierazi, Tuteran indarkeria matxistaren biktima izan zen Sara Pina Yeregui, 38 urteko emakumearen hilketaren aurrean, eta babesa adierazi nahi die biktimaren familiari eta ingurune hurbilenari.
Soraluzeko Udaletik gogorarazi nahi dugu heriotzek emakumeen aurkako indarkeriaren arazoaren zati bat baino ez dutela erakusten, eta arazo horren oinarria emakumeen eta gizonen arteko egiturazko desberdintasunean dagoela.
Emakumeen aurka hainbat modutan (psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa, sexuala) erabiltzen den indarkeria emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunen adierazpenik larriena da. Emakumeekiko sortzen den botere-harremanen eta mendetasun-harremanen ondoriozkoa, eta emakumeen duintasunaren eta osotasun fisiko eta moralaren aurkako eraso larria da; ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina.
Tragedia honek, beste behin ere, instutuzio orok eta jendarte osoak gure udalerrietan berdintasuna gauzatzeko dugun erantzukizuna jarri digu jomugan. Ildo horretan, gure sentsibilizazio- eta prebentzio-ekintzak indartzen jarraitu behar dugu batez ere etorkizuna ordezkatzen duten herritar gazteenekin. Baina gainontzeko herritar orotan eraginez, izan ere, patriarkatuak ez baitio adinari erreparatzen eta denongan du eragina.
Hau ez da emakumeon arazoa bakarrik, gizarte osoaren arazoa da. Denok nahi eta behar dugun berdintasuna lortzeko borrokan elkarrekin egon behar dugu gizon eta emakumeok.
Honelako gertakari batek guztion erantzun zorrotza behar du arlo eta ingurune guztietan. Egungo Soraluzeko osasun egoerak, gertakariak eskatzen duen tamainako kontzentrazio erraldoi bat antolatzea galarazten badigu ere, ezinbestekoa da guztiok arduraz eta ekintza feministaz erantzutea.
Bide batez, Soraluzeko Udalak herritarrei gogorarazi nahi die SATEVI-indarkeriaren biktima diren emakumeei laguntzeko zerbitzuaren telefonoak (900 840 111) 24 orduko arreta bermatzen duela urteko 365 egunetan. Eta emakumeen aurkako indarkeriaren edozein adierazpenen biktima diren emakumeei laguntza ematen espezializatutako profesional talde batek osatzen duela. Zerbitzuak 51 hizkuntzatan erantzuten die deiei, eta entzumen-urritasuna duten pertsonei arreta emateko zerbitzua du. Gainera, espazio segurua da, inork ez baitu jakingo deitu denik telefono-fakturan arrastorik ez duelako uzten.
Aski da! Eraso sexistarik ez! Autodefentsa feminista!