Joan den abenduaren 22an egindako osoko bilkuran Soraluzeko Udalak aho batez onartu zuen Soraluze, Elgoibar, Mutriku, Mendaro, Eibar eta Debako udalen arteko lankidetza-hitzarmena, egoitza egoera larrian dauden pertsonentzako Eibarko neguko dispositiboa kudeatu eta erabiltzeko.
Neguko dispositibo edo aterpe hori laguntza-intentsitate txikiko zerbitzua da, eta bazterkeria-egoeran dauden pertsonei eskaintzen zaie, batez ere pasadizoko pertsonei eta etxerik gabekoei.
Zerbitzua apirilaren 15era arte egongo da irekita, 20:00etatik 10:00etara, eta 14 plaza arrunt, hotza aktibatzeko 6 plaza eta egonaldi ertaineko 4 plaza ditu, plaza horien osaera beharren arabera aldatu ahal izango delarik.
Plaza arruntak betetzen dituzten oinezkoek gehienez 5 gau eman ahal izango dituzte baliabidean hilean, eta eguraldi txarraren ondorioz aktibatzen diren plazak bertan egon ahal izango dira alerta indargabetzen den arte. Horrela, plaza arruntetan dauden pertsonek egonaldia luzatu ahal izango lukete baldin eta plaza librerik balego, nahiz eta azken egonalditik hilabete bete gabe egon.
Baliabidea gizarte-langileek zainduko dute, eta ez da animaliarik sartzea onartuko. Zerbitzu hauek emango zaizkie erabiltzaileei: ostatua, mantenua (afaria eta gosaria), higiene pertsonala, arropa garbitzea eta gizarte-laguntza.
Erabiltzaileek portaera eta bizikidetza egokiak izan beharko dituzte, eta baliabidearen barruan ezingo dute ez erre ez alkoholik ez bestelako substantziarik kontsumitu. Gainera, gauean zehar kalera ateratzen badira, ezingo dute berriro aterpetxera gau horretan bertan bueltatu. Gatazka-egoeretan, bertako langileek hartuko dute parte lehenik eta behin, bizikidetza konpondu eta errazteko, eta, egoki baderitzote, udaltzainen laguntza eskatu ahal izango dute. Erabiltzaileek aurreikusitako COVID-19 neurriak bete beharko dituzte, baita espazioak eta zerbitzuak behar bezala erabili ere.