Mankomunitateak plastikoak biltzeko zerbitzu berri bat jarri du martxan garbiguneetan, eskaintzen dituen zerbitzuak eta eskualdeko gaikako bilketa hobetzeko helburuarekin. Hemendik aurrera, zorrotenak, bidoiak, pertsianak, autoen kolpe-leungailuak eta abar bezalako plastikoak utzi ahal izango dira Elgoibarko eta Eibarko garbiguneetako espazio egokituetan. Ermuako eta Mutrikuko garbiguneek ez dute toki nahikorik plastikoak biltzeko kutxa berri horiek kokatzeko.
Mankomunitatetik adierazi dutenez, “zerbitzu berri hau beste urrats bat da 2030erako gaikako bilketaren %70a lortzeko. Orain arte bezala, ezinbestekoa izango da herritarren eta eskualdeko enpresa eta eragile guztien inplikazioa, zerbitzu berriaren bidez Debabarrenako gaikako bilketa guztion artean hobetu dezagun.”
Ingurumena zaintzea eta gastuak murriztea
Orain arte, hemendik aurrera garbiguneetan utzi daitezkeen plastikozko hondakinak errefus gisa biltzen ziren eta Zubietako ingurumen-balorizazioko instalazioan tratatzen ziren, tona bakoitzeko 180 euroko kostuarekin. Garbiguneetako bilketa-zerbitzu berriarekin, ordea, Aizarnazabalgo enpresa batera eramango dira hondakin horiek, eta bertan birziklatu eta lehengai gisa erabiliko dira plastikozko produktu berriak egiteko. Hondakinak Aizarnazabalgo lantegira garraiatzearen eta ondorengo tratamenduaren kostu osoa 70 euro ingurukoa da; beraz, plastiko horiek birziklatuz ingurumena zaintzen laguntzeaz gain, tona bakoitzeko 110 euro aurreztuko dira.
Bota daitezkeen eta bota ez daitezkeen plastikozko materialak
Honako plastiko hauek utzi ahal izango dira hemendik aurrera Elgoibarko eta Eibarko garbiguneetan: fruta-denden, arrandegien eta abarren plastikozko kaxak, mota guztietako hodiak (urarenak, eraikuntzakoak...), bidoiak, edukiontziak, txanbilak, loreontziak, leihoak, pertsianak (burdinik gabe), autoen kolpe-leungailuak (kamioienak ez), mahaiak, aulkiak, plastikozko palletak, zorrotenak...
Aldiz, ezingo dira hondakin hauek utzi: zuntzak, olanak, sareak, uralitak, burdinak dituzten plastikoak, gomazko tutu malguak, burdina duten leihoak, etab.