Uda honetan ere, birziklatu!

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2021ko uzt. 28a, 14:08

Mankomunitateak hondartzen eta ibaien inguruak zaintzearen garrantzia azpimarratu du, eta gogorarazi du musuko kirurgikoak errefusaren edukiontzi grisean utzi behar direla.

Gaikako bilketa ia % 1 igo zen 2020ko udako hilabeteetan 2019ko datuekin alderatuta. Hala ere, Mankomunitateak gogorarazi du abuztuan birziklatzen jarraitzearen garrantzia, normalean gaikako bilketaren datuak hilabete honetan murriztu egiten direlako. Mankomunitateak "etxean, elkarte gastronomikoetan, ostalaritzan, merkataritzan eta industrietan birziklatzen jarraitzeko” deia egin die herritarrei, “Herritar bakoitzaren inplikazioak eta hondakinak bereizteko egiten duen ahaleginak eskualde osoan dutelako eragin positiboa."

Mankomunitateak bereziki hondartza eta ibaien inguruneak zaintzearen garrantzia azpimarratu du. Udan asko bisitatzen diren guneak dira, eta batzuetan ez dira hondakinak behar bezala bereizten. Gainera, gogorarazi du musuko kirurgikoak errefusaren edukiontzi grisean utzi behar direla, ez baitaude material birziklagarriz eginak.

Azkenik, Mankomunitateak azpimarratu duenez, "Debabarrenan gero eta pertsona gehiagok zaintzen dugu ingurumena birziklapenaren bidez", eta udako hilabeteetan ere "ohitura onekin" jarraitzeko eskatu die herritarrei.