Ganbara eta Ezoziko Ama abesbatzen kontzertua zapatuan

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2021ko eka. 24a, 09:07

Ganbara abesbatzako kideak Arantzazun.

Zapatu arratsaldean. Oñatiko Ganbara eta Soraluzeko Ezoziko Ama abesbatzek kontzertua eskainiko dute Arane kiroldegiko frontoian. Emanaldia Udaleko Kultura Batzordeak antolatu du Kulturaldia zikloaren barruan. Oharra: Plaentxia.eus-ek emanaldirako hiru sarrera bikoitz zozkatuko ditu HEMEN.

Oñatiko Ganbara eta Soraluzeko Ezoziko Ama abesbatzen kontzertua arratsaldeko 19:45ean hasiko da kiroldegiko frontoian. Emanaldirako sarrerak salgai daude  Iratxo Goxodendan 5 euroan.

Ganbara abesbatza

Oñatiko Ganbara Abesbatza 1994an 12 gaztek sortutako ahots nahasien abesbatza da. Urtez urte, taldea haziz joan da, egun, Aitor Biain Bidarteren zuzendaritzapean, 30 pertsona inguruko taldea osatu arte. Errepertorioan mota eta garai guztietako lanak ikus daitezke: polifonia, folklorea, gospel, espiritualak… Eta nabarmendu behar da euskal folkloreak eta gaur egungo konposatzaileek abesbatzaren errepertorioaren zati garrantzitsua osatzen dutela.

Bi hamarkada pasatxotan, Oñatiko Ganbara Abesbatzak Euskal Herriko, Espainiar Estatuko eta nazioarteko hainbat lehiaketetan parte hartu du eta baita sari ugari eskuratu ere: interpretazio onenaren saria, zuzendari onenarena... 

Errepertorioa

Larunbateko kontzertuan hamalau kantu interpretatuko dituzte. Hasteko, Ezoziko Amak hiru kantu interpretatuko ditu: Nere Etxea, Mendirik mendi eta La llamada. Ondoren Ganbarak beste hamar: Ave Maris Stella, Laudibus, Os justi, Den er hat seinen Engeln befohlen, Agnus Dei, Sator, Even when he is silent, Leonardo dreams of his flying machine, Dieul Quíl la fait bon regarder eta Kitolis. Azken kantua, berriz, elkarrekin kantatuko dute: Indodona.