Dolmenen Ibilbidera bisita gidatuak datorren uztailaren 4an hasiko dira, euskarazko bisita batekin. Hurrengo datak uztailaren 18a (gaztelania), abuztuaren 1a (euskara), abuztuaren 18a (gaztelania), irailaren 5a (gaztelania), urriaren 3a (euskara) eta urriaren 16a (euskara) izango dira. Aurreko urteetan bezala, bisitak Karakateko aparkalekutik abiatuko dira goizeko 10:00 tan, eta lau ordu inguruko iraupena izango dute. Gomendatzen da mendi ibilbideetarako oinetako egokiak, kapela eta eguzkitarako krema eguraldi ona eginez gero, ura eta jateko zerbait eramatea.
Seigarren edizio honetan, bisitak kontsolidazio fasean sartu dira, eta beraz, aurtengo aldaketa nagusia bisitek doakoak izateari utziko diotela da. Helduentzat 5€ko kostua izango du, eta 12 urtetik beherako haurrentzat 3€. Bergaran, Elgoibarren edo Soraluzen bizi direnek deskontu txiki bat izango dute: helduek 2,5€ pertsonako, eta 12 urtetik beherako haurrek 1,5€ pertsonako. Izena emateko, 657 794 677 telefonora deituz, edota https://www.debabarrenaturismo.com/eu/dolmenen-ibilbidea/bisita-gidatuak webgunean dagoen formularioa bete. Gutxienez 2 parte hartzaile beharko dira bisitaren irteera bermatzeko.
Aurten aurreikusitako lanak
Bisita gidatuetaz gain, aurten hainbat ekintza aurreikusi dira Dolmenen Ibilbidean. Alde batetik, indusketa lanekin jarraituko da, aurten 2020an Aitzpuruko Zabalako dolmenaren ondoan aurkitu zen txabolan. Agirreburuko dolmena, 2019an indusia, berreraikitzeko lanak ere egingo dira.
Bestalde, ibilbidea hobetzeko hainbat ekintza egingo dira. Picnic mahaiak kokatzea aurreikusten da Karakateko aparkalekuaren inguruan, atsedengune bat sortzeko helburuarekin. Frantsesbasoako dolmenaren inguruan itxitura egitea eta interpretazio panela kokatzea aurreikusi da, 2019an indusia izan zena.
Azkenik, ibilbidearen FOLLETO berria ere egin da, irudi berriarekin, ibilbidea eta megalitoak nabarmentzeko. Folletoa paperean nahi duenak udaletxeko harrera-bulegoan eskuratu dezake.