"Neomak" taldearen kontzertua

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2021ko eka. 17a, 14:11

"Neomak" taldeak kontzertua eskainiko du larunbatean, arratsaldeko 7:30ean, Herri Antzokian, Udaleko Kultura Batzordeak antolatu duen "Kulturaldia" zikloaren barruan.

Nahiko gaztetxotan hasita, trikiti txapelketetan aurkari nahiz bikote gisan plazara salto egin eta gerora, Kepa Junkera musikariarekin “Sorginak” proiektuan batu ziren euren ibilbide propioa egiteko. Bi urte pasatu dira hura amaitu zenetik, eta, orain, Neomak taldea sortu dute  “ilargi berriak lagun zaharren ondoan” bizitzeko.

Neomak hitzak Ilargi berriak esan nahi du, grezieraz

Doinu tradizionalak gaur egunera ekartzen  dituzte Arrasateko, Debako, Zarauzko, Zizurkilgo eta Asteasuko zazpi emakumeek –Amets, Irati, Leire, Eneritz, Garazi, Alaitz eta Maria–.

Folk garaikide moduan definitzen dute eurena. Oinarri tradizional batetik hasita, kutsu pertsonala emanez. Gehienak euskal kopla tradizionalak dira, betiko kopla eta doinuak, baina beste buelta bat emanda. “Bertsio batzuk ere jotzen ditugu, eta orain hasi gara poliki-poliki gure kantuak sortzen; sortze prozesu horretan gaude oraintxe bertan”.

Sarrerak "Iratxo" gozo-dendan daude salgai, 5 euroan.