Marie de Jongh konpainia erreferente bat bihurtu da familia osoarengana zuzendutako antzerkigintzaren baitan. Jokin Oregi soraluzetarraren sormenean oinarritutako zigiluaren eskutik, zeinak egundaino ikuskizun guztiak idatzi eta zuzendu dituen, sari ugari eskuratzeaz gainera goranzko balioa bihurtu da.
Antzerki heldua haurrentzat eta haur antzerkia helduentzat da konpainia honek egiten duena. Jokin Oregik dioenez, "Publiko zabal bati zuzendutako antzerki baterantz goaz. Nahiago genuke guztion portu horretara onik iritsiko bagina, helduak zein gazteenak, herrikideak guztiak. Helduentzako eta haurrentzako antzerkien artean bereizketa sistematikoa egin behar horren aurrean, guztiok barruan dugun heldutasunari hitz egin nahi diogu, haurrak barne. Sekula ez dugu egin nahi izan haurrentzako haur antzerkia".
Igande honetan, ekainak 13, Soraluzera egingo du bisita lehenengoz konpainiak "Ikimilikiliklik" bere azken produkzioarekin.
Arratsaldeko 6etan izango da funtzioa, Arane kiroldegiko frontoian.
Sarrrerak salgai daude dagoeneko, 5 euroan, Iratxo gozoki-dendan.
Ikimilikiliklik
Halaxe deitzen da Marie de Jongh taldeak prestatu duen proiektu berria. Proiektuaren lehen protagonista sorginei sekulako beldurra zien baina, denborarekin, "sorgin" bihurtu den neskato/emakume bat da. Bigarren protagonista, aldiz, hitza da. Marie de Jonghen ibilbidean ez dute hitzik erabili orain artean. Betiere mutu jardun dute. Oraingo honetan, ordea, istorioak hala eskatzen duelako, edo hobe esanda, kontatzeko modurik egokiena hitza erabiliz izango delako, hura baliatzea deliberatu dute.
Beldurraren inguruko hausnarketa da antzezlana, bere izaera zirikatzaileaz, gure erabakien gainean guen botere gupidagabea; baina, aldi berean, gure identitatearen parte ere badena eta nola jakin behar dugun harekin bizitzen.