Gurasoentzako hitzaldi-sorta interesgarria

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2020ko urr. 29a, 11:03


"Nola lagundu haurrari etxeko lanak egiten euskaraz ez badakit?" hitzaldia eskainiko da gaur, familien arteko elkar ezagutza sustatzeko abian jarri den "Hurbiltzen" egitasmoaren baitan.


HURBILTZEN egitasmoa abiatuko du hurrengo asteetan Pil-pilean Euskara Elkarteak Soraluzeko Udaleko Hizkuntza Politikaren Batzordearen laguntzaz.

Egitasmoarekin hasi aurretik, familiak izena ematera anima daitezen, 3 hitzaldiko zikloa antolatu da.

Hitzaldietako lehendabizikoa gaur egingo da, arratsaldeko 6etan, Kulturguneko "Tolarekua" aretoan, "Nola lagundu haurrari etxeko lanak egiten euskaraz ez badakit? izenburupean.

ZER DA HURBILTZEN EGITASMOA?

Familien arteko elkar ezagutza sustatzen duen egitasmoa da HURBILTZEN. Euskara eta euskal mundua partekatzeko aukerak ematen dituena, familien hizkuntza aniztasunaren elkar aitortza egiteko pentsatu den egitasmoa. Erlazioak berdintasunetik abiatuz Soraluzen harrera euskaratik egiteko baliotuko den proiektu jaio berria da Hurbiltzen.

ZEIN DA FUNTZIONAMENDUA?

Soraluzeko familien arteko topaketak antolatuko dira (5 eta 10 urte bitarteko haurrekin), gutxienez astean behin. Programa azaroan eta abenduan garatuko da. Gainera, hilean behin familia guztiak dinamizatzaile batekin bilduko dira saio gidatu bat egiteko eta familian joku dibertigarriez gozatzeko (lehenengoa urrian izango da). Prozesuan zehar, aholkularitza, laguntza eta dinamizazioa izango dituzte.

NOR DAGO PROIEKTUAREN ATZEAN?

Proiektu honetan elkarlanean dauden eragileak: Euskaltzaleen Topagunea, Pil-Pilean Euskara elkartea, KAERU psikologoak, ASMOZ Fundazioa, Soraluzeko Udala eta Plaentxi haur eta lehen hezkuntzako ikastetxea.

NORK PARTE HARTU DEZAKE?

Ekimen hau interesgarria eta onuragarria izan daiteke ondorengo galdera hauetako bati baiezko erantzuna ematen dion edonorentzat:

• Zure haurrak euskaraz egiten du eskolan, eta zuk euskararekin elkarreragin bat nahiko zenuke?

• Ez dakizu nola lagundu eskolako lanekin? Horretarako tresnak behar dituzula uste duzu?

• Gustatuko litzaizuke zure semearen/alabaren eskola berera doan beste familia bat ezagutzea Plaentxin?

• Euskalduna zara eta gustatuko litzaizuke Soraluzeko familiei euskarara gerturatzen laguntzea?

• Prest egongo zinateke astean behin euskararekin harreman zuzena bilatzen duen beste familia batekin elkartzeko edota haiekin kafe bat hartzeko?

Proiektu honi esker, seme-alaben eskola bereko familiekin batera hainbat momentu eta esperientzia bizitzeko aukera izango da.

IZEN EMATEA NOLA?

Parte-hartzea doakoa da guztionatzat, parte-hartu nahi izanez gero baldintza bakarra hauxe da: Haurrak (5-10 urte bitarteko adinakoak) Plaentxiko ikastetxera bidaltzea eta motibazioa izatea beste pertsona batzuk ezagutzeko. Asistentzian konpromezua hartzea eskatzen da soilik abendura bitartean.

Apuntatzeko azken eguna urriaren 30a da. Parte hartzeko izen-ematea bi eratan izango da, telefonoz edo emailez eta google inprimaki baten bitartez.

LINKA HEMEN: labur.eus/Hurbiltzen-Soraluze

HARREMANETARAKO: Arrate Espilla (609 28 77 39) arrate@pilpilean.eus