Juanjo Navasen flamenko kontzertua

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2020ko uzt. 9a, 15:07


"Juanjo Navas Flamenco 5et" taldeak flamenko ikuskizuna eskainiko du larunbat honetan Herri Antzokian, Udaleko Kultura Batzordeak antolatutako "Kulturaldia" zikloaren barruan.


Soraluzeko Udalak, herriko hainbat kultur eragilerekin elkarlanean, ekintza-sorta zabala ari da antolatzen uztailean zehar, "Kulturaldia" izeneko zikloaren barruan.

Larunbat honetan, kontzertua eskainiko du "Juanjo Navas Flamenco 5et" taldeak, arratsaldeko 7:30ean, Herri Antzokian.

Sarrerak Iratxon eta Udaletxean eros daitezke, aurrez; edota leihatilan egunean bertan, 5 euroan.

Juanjo Navas kantaorea Bilbon jaio zen 1975ean.  Duela hamar bat urte hasi zen jendaurrean abesten. Bitxia izan liteke "flamenko kantari bilbotarra" izatea, baina musika hau beti izan du lagun, hegoaldetik emigratu behar izan zuen bere familiari esker.

Urte hauetan zehar makina bat errezitaldi eta jaialditan parte hartu du, Miguel Poveda, Luis El Zambo, Pedro El Granaino, Javier Colina, Jose Valencia, Canela San Roque bezalako artistekin. 

Talde ezberdinetan hartu izan du parte, Txaleo, Flamenco Daki, Soledad Ruz eta Sonic Trash, besteak beste.

Beñat Arginzoniz poetak idatzitako euskarazko saeta bat abestearen erronkari ere aurre egitera ere eraman du flamenkoaren grinak, lehen aldiz, historian.

Bi diska kaleratu ditu orain artean, "Reflejos de Andalucía", 2007an eta "Digo vivir" 2020an, Blas de Otero poeta bilbotarraren poemekin azkena.

Kontzertua zuzenean streaming bitartez ikusi ahal izango da, ondorengo loturan https://plaentxia.eus/soraluze/1592556092322-zuzeneko-emisioa-juan-navas