Alokairua ordaintzeko laguntzak

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2020ko mai. 6a, 13:05

Eusko Jaurlaritzak alokairu libreko (laguntza publikorik gabeko) etxebizitzen maizterrentzako laguntzak emango ditu, COVID-19aren krisiaren ondorioak arintzeko helburuarekin; hilean 250 euroko laguntzak dira.

Soraluzeko Udalak jakinarazi nahi du, Eusko Jaurlaritzak onartu duela dagoeneko Iñaki Arriola Sailburuak zuzentzen duen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak alokairu libreko etxebizitzen maizterrentzako zuzeneko laguntzak emateko modua arautzen duen agindua.
 
Laguntza ekonomiko honen onuradun izan daitezke langabezian geratzen diren edo osasun-larrialdiak eragindako krisiaren ondorioz enplegu-erregulazioko espediente bat izan duten pertsonak, bai eta, langile autonomoak edo enpresaburuak izanik, diru-sarreren edo salmenten % 40ko edo hortik gorako beherakada nabarmena jasaten duten pertsonak ere.

Hauek dira laguntzak jasotzeko oinarrizko baldintzak:

  • Alarma-egoera deklaratu aurretik sinatutako alokairu-kontratua izatea eta beste etxebizitzarik ez izatea.
  • Familia-unitatearen urteko diru-sarrera haztatuak 39.000 eurotik gorakoak ez izatea azken ekitaldi fiskalean, hori baita BOE (Babes ofizialeko etxebizitza) bat eskuratzeko gehieneko kopurua, eta 50.000 eurotik gorako ondarerik ez izatea.
  • Errentaren zenbatekoa, komunitate-gastuak eta oinarrizko hornidurak gehituta, une horretan eskuragarri dituen diru-sarreren %30 baino handiagoa izatea.
  • Hileko alokairuaren zenbatekoa etxebizitza dagoen lurralde-eremuari egotz dakiokeen batez besteko errenta baino 1,5 aldiz handiagoa ez izatea (1,75, familia ugarien kasuan), Alokairuaren Merkatuaren Estatistikaren datuen arabera.

Euskadin indarrean dauden Etxebizitzarako Prestazio Osagarriarekin eta Etxebizitzarako Prestazio Ekonomikoarekin bat etorriz, laguntzaren zenbatekoa hilean 250 eurokoa izango da, eta sei hilabetez aplikatuko da, apiriletik irailera, ahulatsun egoerak irauten badu. Guztira, 1.500 euro ordaindu ahal izango dira, hiru hilean behin.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak 15,5 milioi euroko aurrekontua erabiliko du laguntzak ordaintzeko.

Eskabideak aurkezteko epea agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta irailaren 30era arte iraungo du.

Ahal dela, izapideak telematikoki egingo dira www.euskadi.eus webgunearen bidez eta Alokabide SA sozietate publikoak www.alokabide.euskadi.eus webgunean dituen kanalen bidez.

Deialdia ez lehiakorra da, eta laguntza finalista da. Ohiko etxebizitzaren alokairua ordaintzera bideratu behar da, edo kreditu ofizialen institutuaren abala duten banku-erakundeek horretarako emandako mikrokredituak itzultzera, martxoaren 31ko 11/2020 Errege Lege Dekretuaren 9. artikuluan jasota daudenak.

Onartutako Aginduak genero-indarkeriaren biktima diren, ohiko etxebizitzatik bota dituzten, etxerik ez duten edo bereziki ahulenak diren pertsonei ere ematen dizkie programa honetako laguntzak. Eta, haien kontura, pertsona horiei bizitoki-irtenbide bat emateaz arduratzen diren administrazio, enpresa publiko eta irabazi-asmorik gabeko erakundeei. Bereziki neurri hauek, ahulenak diren pertsonentzat bideratuko dira. Hauek izango dira udaleko oinarrizko gizarte-zerbitzuek hala balioesten dituztenak. Kasu horietan, egiturazkoa denez, laguntzaren zenbateko osoa hamabi hilekoa izango da, eta, beraz, 3.000 eurokoa.

Agindu honetan jasotako laguntza guztiak ez dira bateragarriak izango helburu bera duten gainerako laguntza publikoekin.