Oso dinamika errazeko jokoa da Egunean Behin. Izenak berak dioen bezala, egunean behin partida bat jokatzeko aukera izango duzu. Partida bat, eta bakarra. 10 galdera erantzun beharko dituzu, ahalik eta azkarren. Zenbat eta gehiago asmatu, zenbat eta azkarrago asmatu, hobeto!
Sailkapena eta sariak
Asmatutako erantzun kopuruaren eta pasatako denboraren arabera, puntuak lortuko dira. Eta, puntuen arabera, sailkapenenean gora edo behera egin, jakina. Sailkapena, astekoa izango da: astelehenetik igandera arteko partidak hartuko dira kontuan.
Astero, gainera, sari bat emango dute. Egunean Behin partida, Astean Behin saria. Aste bakoitzeko laguntzaile bat izango du lehiaketak, eta laguntzaile hori izango da asteko sari hori eskainiko duena.
Galderak
Partida guztiek logika berdinari erantzuten diote eta jasotako galderen zailtasun maila guztientzat antzekoa izango den arren, galderak desberdinak dira beti. Galdera mota asko daude: Zer herritakoa da argazki bat? Nola esaten da limoia iparraldean? Zenbat biztanle ditu Zornotzak? Non jaio zen Loli Astoreka euskal aktorea? Zein da argazkiko euskal pilotaria? Munduko zer herrialdetan dago aterata beste argazki hau? Egingo al zenuke matematikako eragiketa hau? Ze artistarena da goiko koadroa?...
Taldeak
Taldeak egiteko aukera ere badago jokoaren aukeretan. Alegia, sailkapen orokorrean ez ezik, partidak lagunekin, familiakoekin, ikastetxeko lagunekin, lantokikoekin... konpartitzeko aukera. Zure telefonoan dauzkazun kontaktuekin zuzenean egin ahalko duzu talde berri bat, whatsappean egiten denaren antzera.
Talde barruko saritxoak jartzea, hori, zeuon kontu.
Gusto baduzue, jaitsi eta probatu. Egunean minutu pare bat euskaraz jokatzeko aitzakia ematen badizugu, gu, pozik.