Joan den astelehenean, hilak 20, aurrera eramandako Ogasun Batzordearen bileran, ondorengo erabakiak hartu zituen Soraluzeko Udalak COVID-19ak herritarrei eta herriko komertzio zein enpresei eragindako kalteak arintze aldera.
Udala ekonomia berpizteko neurri berriak aztertzen ari da egun hauetan, herriko merkatariekin elkarlanean.
Jarraian zerrendatutako hauek dira Udalak orain artean hartu dituen neurriak:
Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (IBI)
- Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren kobrantza abuztuaren 1etik irailaren 15era bitartean egingo da (1/2020 Foru Dekretua).
Ibilgailuen gaineko Zerga
- Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zerga martxoaren lehendabiziko astean kobratu zen, alarma-egoera ezarri aurretik.
Udal kiroldegiko kuotak
- Martxoko kirol-ikastaroei dagokien kuotaren erdia bueltatuko du Udalak, alarma-egoera ezarri eta hilabete bukaera artekoa, alegia. Itzulketa automatikoa izango da eta maiatzean zehar edo, beranduenez, alarma egoera amaitu ondorengo hilabetean zehar egingo da. Alarma egoerak dirauen bitartean, legez ezin denez kirol jarduerarik gauzatu, ez da kuotarik kobratuko.
- Kiroldegiko urteko abonoen kasuan, alarma egoerak indarrean jarraitzen duen bitartean jasoko ez diren zerbitzuen zati proportzionala itzuliko du Udalak. Itzulketa automatikoa izango da eta maiatzean zehar edo, beranduenez, alarma egoera amaitu ondorengo hilabetean zehar egingo da.
Jarduera soziokulturalen kuotak
- Alarma egoerak indarrean jarraitzen duen bitartean jasoko ez duten zerbitzuaren zati proportzionala itzuliko die Udalak hari-lanen tailerreko erabiltzaileei. Itzulketa automatikoa izango da eta Udalak egingo du maiatzean zehar edo, beranduenez, alarma-egoera amaitu ondorengo hilabetean zehar.
- Ludoteka eta Gaztelekuari dagokionean, alarma egoera ezarri zenetik zerbitzuak telematikoki eskaintzen hasi diren arteko kuota-zatia itzuliko du Udalak, hilabete. Itzulketa automatikoa izango da eta Udalak egingo du maiatzean zehar edo, beranduenez, alarma-egoera amaitu ondorengo hilabetean zehar.
Merkatari, ostalari eta enpresak
- Udalak ez die hirugarren hiruhilabeari dagokion zabor-tasa kobratuko itxita dauden establezimentu komertzialei.
- Itxita egon diren enpresen kasuan, hilabeteko epea emango zaie, idatziz eta dagozkion agiriak aurkeztuz, zein egoeratan dauden azal dezaten. Ondoren, kasuz-kasu aztertu ondoren, itxialdiarekin proportzionala den epealdiaren zabor-tasaren murrizketa egingo zaie.
- Gune publikoen okupazioaren tasaren kasuan, murriztu egingo zaie tasa alarma-egoeragatik itxita dauden ostalaritza establezimenduei eta asteroko merkadilloko postuei, itxialdiaren epealdiaren proportzioan.
Ekonomia berpizteko neurriak
- Ekonomia berpizteko neurriak ezartzeko azterketa burutzen ari da une honetan Udala. Horretarako, Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Estatuko Gobernuak zer laguntza emango dituzten jakin nahi du lehendabizi, eta horiek osatzeko aukerak aztertu ondoren.
- Udala bilerak egiten ari da herriko ostalari eta merkatariekin, elkarlanerako prestutasuna azaldu eta hartu beharreko neurri eta erabakiak beraiekin adosteko asmoz.