Soraluzeko Udalak eta Bizilabek #ErakusleihoakO11/ #Escaparates11F ekimena jarri dute martxan herrian. Otsailaren 11n ospatuko den Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko egunaren baitan, otsailaren 7an hasi eta otsailaren 22ra bitarte, Soraluzeko 8 dendek euren erakusleihoak apainduko dituzte. Emakume zientzialari historiko banari eskainiko diote erakusleihoa, haren argazkia eta asmakuntzaren inguruko informazioaz gain, emakume zientzialari horren ikerketa-gaiaren inguruan girotuz erakusleihoa. Hala, zientzia-emakume horien bizitzaren eta lanaren dibulgatzaile bihurtuko dira Soraluzeko dendari hauek, eta emakumeek zientzian izan duten parte-hartzea agerian jartzen lagunduko dute.
Horrez gain, osteguna, otsailak 13, eguerdian, Bizilabera zientzia eta teknologia-proiektuak egitera datozen gazteek komertzio hauek bisitatuko dituzte. Bertan dendako emakume zientzialariaren ikerketa-gaiarekin zerikusia duten esperimentuak egingo dituzte eta emakume horrek egindako asmakuntzaren berri emango diote dendara bertaratzen diren bezeroei.
Honakoak dira #ErakusleihoakO11/ #Escaparates11F egitasmoan parte hartuko duten komertzioak:
- Marimar harategia
- Iratxo
- Mgs Seguros
- Estankoa
- Triskel
- Todo a 100
- Mabel ileapaindegia
- Josu bitxidenda
Ekintza hau Euskal Herrian egiten den lehen aldia da eta Soraluzeko komertzioek ez ezik, Ermua eta Bilboko komertzioak ere batu dira ekimenera. Guztira, beraz, #ErakusleihoakO11/ #Escaparates11F ekimenean 21 dendek hartuko dute parte. Bestalde, Espainiako beste hainbat hiriburutan, Zaragozan esaterako, ere egingo da #Escaparates11F egitasmoa.