Jesus Tapia arkeologoaren hitzaldia

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2020ko ots. 4a, 12:24

Soraluzeko Udalak eta Debegesak antolatuta, “Dolmenen Ibilbidea: historiaurrean zehar ibilaldia” izenburuko hitzaldia emango du Jesus Tapia arkeologoak ostegun honetan, arratsaldeko 7etan.

Soraluzeko Udalak eta Debegesa garapen agentziak antolatuta, “Dolmenen Ibilbidea: historiaurrean zehar ibilaldia” hitzaldia emango du Jesus Tapiak Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoak, otsailaren 6an, osteguna, Udaletxeko Pleno Aretoan.

Dolmenen Ibilbidearen balio arkeologikoa zein paisaia-balioa ezagutaraztea eta joan den udazkenean bertan egin ziren lanen berri ematea du helburu ekimenak.

Hitzaldia arratsaldeko 19:00etan hasiko da eta sarrera irekia izango da.

Balio kultural eta arkeologiko handia duen ibilbidea

Dolmenen Ibilbideak balio kultural eta arkeologiko handia du, bertan aurkitzen den historiaurreko ondareagatik: Neolitoko eta Brontze Aroko tumuluak eta trikuharriak, hain zuzen ere. Gizataldeek horrelako mendilerroak, paisaiaren mugarri nagusi zirenak, aukeratu zituzten hildakoak ehorzteko eta beren lurraldea seinalatzeko. Monumentu megalitikoen bidez utzi diguten ondarea antzinako ehorzte-errituekin lotuta dago.

2012. urteaz geroztik, Bergarako, Elgoibarko eta Soraluzeko Udalak Dolmenen Ibilbidea berreskuratzeko eta balioan jartzeko proiektua ari dira sustatzen, Debegesa garapen agentziarekin eta Debemenekin (Debabarreneko Landa Garapeneko Elkartea) elkarlanean.

Azken hilabeteetan Agerreburu, Frantsesbaso eta Sabuako dolmenetan egin diren indusketa lanen berri emango da osteguneko hitzadian.