Soraluzeko Udalak Bizilabe Ikerketa Zentroa zabalduko du urtarrilean herriko Bigarren Hezkuntzako Ikastetxean.
Udaleko Garapen Ekonomikoaren, Industriaren eta Enpleguaren Departamentuak eta Hezkuntza Departamentuak elkarrekin dihardute proiektua aurrera eramaten, eskualde mailako estrategia baten barruan, Danobat-en diru-laguntzarekin eta Elhuyar Zientzia Elkartearen aholkularitza teknikoarekin.
Proiektuaren helburua STEAM edukien eta profesioen inguruko interes eta jakintza maila handitzea da, neskena batez ere, modu horretara, gazteei lan-irteera ziurrak eskainiz eta eskualdeko industriak behar dituen profesionalak formatuz.
STEAM siglek (Science, Technology, Engineering, Art and Mathematics) zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematika biltzen dituzte.
Urtarriletik maiatzera, ostegunero, 15.00-16.30era, Soraluze BHI-n, STEAM edukiak era ludiko eta dibertigarrian landuko dituzte 12-14 urte bitarteko gazteek, HAUSPOA programaren barruan. Euren interesetatik abiatuta, STEAM arloen aniztasuna ezagutzeko aukera izango dute, baita eremu horietan lan egiten duten profesionalak ezagutzeko aukera ere.
Beraien gidaria, Oihane Brauer Vega izango da, bailarakoa da eta emakumea da. Emakume zientzialari erreferentea izango da beraz. Bizilaben, zientzia eta teknologia kontzeptuak barneratzeaz gain, garrantzi handia emango zaie beste zeharkako gaitasunei: pentsamendu kritikoa garatzea, sortzaile izatea, lankidetzan lan egitea eta egindakoa ondo komunikatzen jakitea.
Proiektua Soraluzeko Udalak herriko haur eta gazteen artean gaitasun teknologiko eta zientifikoak sustatzeko eta ikasleen sormena bultzatzeko duela 3 urte abian jarri ziren robotika tailerrekin hasitako lanari jarraipena ematera dator.
Ikasle zein gurasoei proiektuaren berri modu zehatzagoan emateko asmoz, aurkezpen-bilera egingo da ostegun honetan, abenduak 12, arratsaldeko 7etan, Herri Antzokian.
Proiektuan parte-hartzea aukerakoa da ikasleentzat, eta plazak mugatuak.